Albisteak

 

Demokrazia parte hartzailea ahalbidetzen duen Herritarron Kontseiluak bigarren pausoa eman zuen martxoaren erdialdean. Kontseilu horretan parte hartu zuten hamarnaka herritarrek, Herri-ola egitasmoaren baitan jasotzen den, Oreka Proiektua eztabaidatzeko aukera izan zuten. Proiektu horren helburua, inguruneak eskaintzen dituen energia berriztagarriak aprobetxatuz, erregai fosilekiko dependentzia murriztean datza.

Horretarako, biometanizazioak Otxandion izan ditzakeen aukerak aztertu dituen ikerketaren emaitzak aurkeztu zituen udalak. Bertan, dimentsio ezberdinetako hiru biometanizazio planta aurkeztu ziren. Hirurak funtzionatzeko era berdina izanik ere, bakoitzak lur eremu ezberdina okupatzen zuten eta baita energia kopuru ezberdinak sortu ere.

Bertara hurbildutako 60 herritarrek, eztabaidan aritu eta gero, hiru aukeren arteko lehenengo leheneste bat egin zuten. Orain, udalak bertan hartutako erabakia bere egingo du eta erabaki hori muturreraino eramateko konpromisoa hartuko du.

Oraingoan, energiaren arazoa eztabaidagai izan bada ere, geroan, Otxandioko garapenean inportanteak eta estrategikoak diren proiektu guztien inguruan eztabaidatzeko aukera emango duten kontseiluak etorriko dira.