Albisteak

 

1936ko uztailaren 22an, altxamendu frankista gertatu eta lau egunera, matxinoek Otxandio bonbardatu zuten, 61 lagun hil eta beste hainbat larriki zaurituz. Peninsulan gertatu zen biztanleria zibilaren kontrako lehen bonbardaketa izan zen honetan, hildakoen gehiengo zabala zibilak izan ziren. Gertakari honek eta ondoren etorri ziren gerra eta gerraondoko urte latzek belaunaldi oso bat urratu zuten, eta nahiz eta zuzenean bizi izan ez, ondorengo belaunaldietako otxandiotarrek ere oso presente izan dituzte gaurdaino. Horren lekuko da, urtero, Andikona plazan (bonbardaketaren eskenatoki nagusian) eraildakoei egiten zaien omenaldia.

2006an, bonbardaketaren 70. urtemugan, udalak bultzatutako batzorde bat osatu zen gertaera haiek ahazturaren osinetik jaso eta merezi duten aitortza eta berrikuspena egiteko. Batzorde honek, hurrengo 5 urteetan luzatuko zen memoria historikoa berreskuratzeko lanari ekin zion, ikerketa eta dokumentazioaren bidez alde batetik, eta bizirik atera zirenen testigantzak jasoz bestetik.

Aipatu batzordeak buruturiko lana emankorra eta goraipagarria izan da erabat. 2006ko uztailaren 23an bizirik atera zirenei egindako omenaldi jendetsuarekin eman zion hasiera, hamarkada luzez isilean mantendutako biktimen sufrimenduak errekonozimendu publiko eta instituzionala behar zuela iritzita. Berrehundik gora omenduk herriaren eta instituzio, alderdi eta elkarte desberdinen babesa jaso zuten egun horretan.

Aipatutako ildoan, Eusko ikaskuntzaren partehartzearekin batera, beka deialdi bat egin zen ikerketa lan sistematikoago baten bila. Zigor Olabarria, aipatu bekaren onuradunak, urte eta erdiz gauzatu duen lana “Gerra zibila Otxandion” deritzan liburu baten jaso da. Liburuarekin batera, bonbarketatik bizirik atera ziren 25 lagunen testigantzak jasotzen dituen dokumentala ere eskuragarri izango da.

Honekin batera, udalak Andikona plazaren eraberritze urbanistikoari ekin zion duela urtebete inguru eta Nestor Basterretxea eskulturgileari agindu bonbardaketaren lekukotza emango duen lana, “Heriotza zerutik etorri jakun” deritzana.

Orain bost urte irekitako zikloak eman du berea, hain justu 75. urtemuga beteko den honetan. Bost urteko ibilbide oparoa, gure historia modernoaren aro ilunenetako baten berrikuspena, galtzaileen duintasuna berreskuratzeko asmoz eta bizikidetza baketsurako oinarriak jartzeko helburuz. Jai giroan murgilduta gaudela, oraingo honetan 75. urtemugan, bonbardaketa hura oroituko dugu berriz ere:

Uztailak 22 (75. urteurreneko data zehatza)

  • 19:00: Udalbatzaren ezohiko osoko bilkura “Euskal Herriaren bakerako eskubidearen inguruko Andikonako adierazpena” onartzeko.
  • 19:30: “Gerra zibila Otxandion” liburuaren aurkezpena Bolaleku aretoan.
  • 22:30: Oroitzapen ekitaldia Andikona plazan, herriko artista eta talde kulturalen partehartzeaz. Bertan, herritarrek egindako laburmetrai-dokumentala ere aurkeztuko da.

Uztailak 24:

  • 13:00: Ekitaldi instituzionala Andikona plazan. Plazaren inaugurazioa “Heriotza zerutik etorri jakun” eskulturarekin batera. Nestor Basterretxearen eta ordezkari politiko eta instituzional desberdinen partehartzea aurreikusten da, baita memoria historikoaren berreskurapenean zelan edo halan lanean diharduten elkarte desberdinena ere.

70. hamarkadaren amaieran gizarte zibiletik sortu zen ekitaldi honek, bost urteko zikloa itxita, merezi duen izaera instituzionala izango du aurtendik aurrera. Edozein ekitaldi instituzionalek eskatzen duen eran, aukera politiko zein erlijio fedeen gainetik neutrala behar du izan, bateratzailea. Hori dela eta, komunitate kristauari aldez aurretik jakinarazita, aurten ez da abadearen partehartzerik izango Andikonako ekitaldian.

Hamaika Telebistak Txomin Bengoari (kultur zinegotzi ohia) eta Zigor Olabarriari eginiko elkarrizketa.