Albisteak

 

Herriko kultur eta kirol taldeek antolaturiko ekintzak eta Andikonako bonbardaketaren 75. urteurreneko oroimen ekitaldiak izango dira jaien ardatz.

Otxandioko Santamaña jaiak zapatuan hasi eta hilaren 24a bitarte iraungo dute, ume, gazte zein helduentzako egitarau zabala eskainiz. Lehendabiziko asteburu zein aste hasieran, jaia izango da nagusi. Ordurako antolatu baitute Urduri dantza taldekoek “plaza dantzak” izeneko ikuskizuna, Gazte Asanbladakoek bazkaria eta olinpiadak, Iluntxo pilota eskolakoek urteroko partiduak, txistulari eta bandakoek kalejirak eta Guraso Elkartekoek danborrada. Hori gutxi balitz, Miru-Gain mendizale taldeak, Etxeratek eta gazteek kaleko zinema eta Soinubilek “Herri Kanta” eguna antolatu dituzte. Aurretik aipatu bezala, egitarau ahalik eta zabalena osatzeko asmoarekin, herriko taldeek antolaturiko ekintzei zirkuaren munduan oinarritutako “Charabia” antzerki obra, sokamuturra, Txan Magoa eta umeentzako jolas zein puzgarriak gehitu behar zaizkie. Aurten ere, profesionalen pilota partiduek ez dute hutsik egingo, Mikel Goñi pilotaria, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak protagonista izango dituen bertso-pilota ere izango da ikusgai. Kontzertuei dagokienez, Su Ta Gar, Lisker eta Luhartzen ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dugu.

Bigarren asteburua berriz, Otxandioko bonbardaketaren oroimenerako izango da. Uztailaren 22an, barikuan,  Otxandio bonbardatu zutela 75 urte betetzen diren egun berberean hain zuzen, hainbat egitasmo izango dira egun guztian zehar. Zigor Olabarriak idatzitako “Guda zibila Otxandion” izeneko liburuaren aurkezpenaz gain, Andikona Plazako sarraskia oinarri harturik Euskal Herritarrek bakerako duten eskubidearen gaineko adierazpen instituzional bat bultzatuko du udalak egun horretan bertan. Gauen, eguna borobiltzeko asmoz, bonbardaketaren gaineko ikus-entzunezko ekitaldia burutuko da Andikonan. Geroan, Mikel Urdangarinen, Bingen Mendizabal eta Nika Bitchiasvilli musikarien zein Traspasos dantza taldearen ikuskizuna ikusteko aukera paregabea izango delarik. Zapatuan, San Martinen koadrilen arteko bazkaria eta gauen kontzertuak izango dira nagusi. Domekan berriz, uztailaren 24an, Andikona Plaza eraberrituaren eta Nestor Basterretxearen eskulturaren inaugurazioaz, plaza hau duela 75 urte gertatu zen sarraskiaren oroigarri eta sinbolo bihurtuko da. Geroan, ohiko limonada banatuko da plaza nagusian eta gauen, erromeria eta gero, Agur Santamarina abestuz jaiei amaiera emango zaie.