Albisteak

 

Otxandioko herriak Santamaña jaiak ospatu berri ditu parte hartzea eta jai giroa protagonista izanik.
 
Normalean baino lehenago, uztailaren 16an hain zuzen, eman zitzaien hasiera jai nagusiei, une horretatik bertatik eta astebetez herria jai giroan murgilduz.

Jai giro horren protagonista bakarrak Otxandioko herritarrak izan dira beste behin, bai burututako ekintza guztiek herritarren aldetik izan duten erantzun ezin hobearengatik, eta batez ere, jaietako egitarauan ardatz izan diren hamaika ekintzen antolaketan herritarrak buru-belarri aritu izanagatik. Beraz, olinpiadak, danborrada, Urduri Dantza taldearen ikuskizunak, txistulari eta bandaren kalejirak, erakusketak, sokamuturra, limonada, arrantza txapelketa, San Martin, Herri Kanta eguna, pilota partiduak, umeen eguna, eta kaleko zinema antolatzen, zein kaleak garbitzen, aulkiak, mahaiak eta soinu ekipoa eramaten, kontzertuetakoei afaltzen ematen, errifak eta zapiak saltzen, kartelak eta programak banatzen aritu diren herritar guztiei eskerrak Jai Batzordearen eta udalaren partetik. Beste urte batez herri bat sortzeko erakutsi duzuen konpromiso sendoarengatik.