Albisteak

 

Zelaietako araztegiak matxura garrantzitsu bat izan du uda honetan. Digestio aerobikoa egiten den putzuak aire gabezia larri bat dauka eta horrek uraren arazketarako beharrezkoak diren mikroorganismoen erreprodukzioa galarazten du. Ondorioz ura ez da ondo garbitzen eta behar duena baino zikinago irteten da araztegitik. Bertatik igaroz gero errekak kolore iluna eta usaina dituela ikusi daiteke.

Araztegia ikuskatu ondoren aire gabezia hori oxigenoa botatzen duten elementuak taponatuta daudelako dela egiaztatu ahal izan da. Jadanik eskatu dira pieza berriak, baina 3 aste barru arte ez dira iritsiko. Iritsi bezain laster udalak urgentziazko beste interbentzio bat programatuko du, araztegia hustu eta gaizki dauden elementuak ordezkatzeko. Ezusteko honek, errekan kalte ekologiko nabarmen bat sortzeaz gain, aurre ikusita ez zegoen 30.000 € inguruko gastu bat egin beharra suposatuko du.

Udalak errekan eragindako kaltean duen erantzukizuna bere gain hartzen du eta berriro horrelakorik ez gertatzeko hartu beharreko neurriak aztertzen ari da.