Albisteak

 

Modu batean edo bestean, gehiago edo gutxiago, erakunde pribatu nahiz publiko guztiak ari dira krisi ekonomikoaren ondorioak jasaten. Eta Otxandioko udala ez da salbuespen bat. Nahiz eta beste udal batzuekin alderatuz egoera ekonomikoa txarra ez dela esan daitekeen, zerga bilketak izan duen jaitsierak eta eraikuntzaren sektoreak bizi duen geldialdi estrukturalak izan dute bere eragina Otxandioko udalean. Zerga bilketaren jaitsierak diru sarrera arrunten eta gastu arrunten arteko aldea murriztu du, udalaren inbertsiorako gaitasuna gutxituz. Hau da, orain diru gutxiago dago behin finkoak diren gastuetarako (langileen soldatak, argiteria publikoa, mantenu lan ezberdinak, etb.) behar dena gorde ondoren inbertsio berriak egin ahal izateko. Beste alde batetik, Diputazioak eta Eusko Jaularitzak ematen dituzten diru laguntzak nabarmen jaitsi dira, eta udalak exekuzio unitate ezberdinetan dituen eskubide urbanistikoen monetarizazioa gauzatzeko ere zailtasun handiak daude. Hori dela medio, Otxandio XXI enpresa publikoaren kontuak orekatzeko salmentara atera ziren bi partzelek (BBKk egindako tasasioaren arabera 530.000 €ko balioa dute) ez zuten eroslerik aurkitu , eta ondorioz 380.000 €ko kreditu hipotekari bat atera behar izan zen enpresa publikoaren kontuak orekatu ahal izateko. Beste alde batetik, 2011 urteko aurrekontuan lur aprobetxamenduengatik 237.000 € ingresatzea aurre ikusten zuen udalak, baina aprobetxamendu hori ordaindu behar duen eraikuntza enpresak dituen zailtasun ekonomikoak direla medio, oso zaila ikusten da urtea bukatu baino lehen diru sarrera hori gauzatu ahal izatea. Aurrekontuan aurre ikusitako inbertsioak gauzatu direnez, desoreka bat sortu da sarrera eta gastuen artean eta desoreka honek diruzaintza tentsioak eragin ditu. Tentsio horiei aurre egiteko 300.000 €ko kreditu kontu bat ireki behar izan du udalak.

Nahiz eta aipatutako desorekak puntualak diren eta partzelen salmenta gauzatzen denean konponduko diren, egoera ekonomiko honek epe laburrera inbertsio berriak egiteko udalak duen gaitasuna nabarmen baldintzatzen du, eta 2012 urtea behitzat, inbertsio gutxiko urtea izango dela aurre ikusten da. Datorren urtean diru sarrera arruntak handitzeko hartu daitezkeen neurriak aztertzera eta aurten gauzatu gabe gelditu diren partzelen salmenta nahiz lur aprobetxamenduak gauzatzera bideratuko ditu hazienda batzordeak bere esfortzuak. Horrela, eta egoera orokorrak laguntzen badu, aurten sortu den desoreka gainditu eta 2013 urtetik aurrera herriak beharrezkoak dituen inbertsio berriei aurre egiteko moduan egotea espero da.