Albisteak

 

Otxandioko kaleetatik buelta bat ematea besterik ez dago, azken aldian zaborrontzi inguruak gero eta zikinago daudela ikusteko. Eguneroko irudi dira, ez tolestea eta ondorioz zaborrontzitik kanpo uztea erabaki zuen herritar baten kartoi kaxak, kristalezko botila apurtu zitzaion eta ez makurtzearren lurrean uztea erabaki zuen beste pertsona baten kristal zatiak, edota etxeetako altzariak zein bolumen handiko zakarrak ateratzeko hilean bi egun konkretu daudela jakinik ere, edozein egunetan kalera atera zituen pertsonaren sofak, oheak eta ordenagailuak.

Egoera honen aurrean, udalak bere gain hartzen ditu zabor bilketaren gestioan izandako hutsuneen ondorioz sortutako arazoak. Azken hilabeteetan, udalak jakin badaki, bolumen handiko zakarrak eta altzariak egunean bertan jaso beharrean beranduago batu izanak, zaborrontzi inguruak garbi mantentzen ez duela lagundu. Udala, zikinkeri hori batzeaz arduratzen den enpresarekin batera, zikintasun horren erantzule nagusi izan da. Hori horrela, udaleko taldea urgentziaz batzartu da bolumen handiko zakarrak batzeaz arduratzen den SCOR izeneko enpresarekin, eta enpresa horrek zabor bilketa egunak errespetatzeko konpromisoa hartu berri du.

Hala ere, herria garbi izateko administrazioak bere ardurak behar bezala betetzea beharrezkoa den bezala, herritarren kooperazioa eta laguntza ere beharrezkoa da. Aurretik aipatu bezala, zaborrontzi inguru askotan, kontenedore barruetan lekua egonda ere, kartoiak kanpoan uzten dira edota muebleak edozein egunetan eta edozein lekutan uzten dira. Kasu hauetan erantzule zuzenak herritarrok gara.

Otxandiok eta orokorrean Euskal Herriak dituen zabor arazoak, seguruenik, konpromiso berriak hartzera eramango gaitu herritarrok etorkizun hurbilean. Eta horrek, dudarik gabe, arduraz jokatzera eta gai honekiko kontzientzia izatera behartzen gaitu danok. Hasi gaitezen gaurtik!