Albisteak

 

Udala akordioa batera iritsi da zine zaharra bezala ezagutzen den eraikinaren jabeekin eta ondorioz eraikin honen jabegoa eskuratu du. Bittor Kapanaga, Emilio Donado eta Jose Astorkia ziren bere egunean herritar ugariren laguntza eta babesa jaso zuen zinearen proiektu sozialari tokia eman zion eraikinaren jabeak. Jose Astorkiak aspaldi utzi gintuen, eta oinordeko gisa bere arreba Nieves eta Matilde Astorkiak sinatu dute akordioa. Bittor Kapanagak ere berriki utzi gaitu, baina akordioa Bittor zendu aurretik sinatu zen.

Lortutako akordioa Herri-ola egitasmoaren garapenaren baitan kokatzen da, eta eraikina dohain jasotzearen truke, udalak eraikin hori hirugarren adineko pertsonen bizitza kalitatea hobetzera bideratzeko konpromisoa hartu du. Printzipioz, anbulatorio berria eta adinduentzako etxebizitza tutelatuak eraikiko lirateke bertan.

Gure esker ona adierazi nahi diegu Bittor, Emilio, Nieves eta Matilderi (Joseren ordezkaritzan jardun dutenak), Otxandiorekiko erakutsi duten konpromiso sozialagatik, dirua ateratzeari uko egin, eta eraikin hau herriarentzat utzi dutelako. Jarrera berekoi eta diruzaleak nagusi diren garai hauetan, benetako lezioa da pertsona hauek eman digutena, eta gure esker ona adieraztea besterik ezin dezakegu egin. Bittor, Emilio eta Josek merezi duten errekonozimendua izango dute zine zaharraren orubeak jasoko duen proiektu berria gauzatzen denean.

Udala lanean ari da jada anbulatorio berria eta etxebizitza tutelatuak ahalik eta azkarren errealitate bat izan daitezen.