Albisteak

 
Hilabeteak dira udalak web gunea berritzeko beharrizana ikusi zuela eta Plazagunea enpresak diseinu lanak hasi zituela. Behin diseinu lan nagusiak garatuta, udaberri inguruan www.otxandio.net atariaren atal nagusiek argia ikusi zuten. Hala ere, atari hori probra moduan egon izan da ordutik.

Hurrengo asteetan aldiz, www.otxandio.net weba ehuneko ehunean izango da udalaren eta herritarren arteko komunikazio tresna eraginkorra bihurtuz. Momentuan momentuko plenoetako aktak, herriko kirol/kultur taldeen zein udal batzordeen agenda, udal zerbitzu ezberdinen eta kontratazioen informazio osoa eta astean asteko udal gaien albisteak aurkitu ahal izango dira beste hainbat konturen artean.

Hori gutxi balitz, www.herri-ola.net helbidea duen, Herri-Ola egitasmoaren gune berezia ere eguneratua izango da. Bertan, egitasmoaren parte diren proiektuen azken nobedadeen zein hauen eboluzioaren berri eman eta eztabaida bultzatuko da.

Aurretik aipatutako bi gune horiek argia udaberrian ikusi bazuten ere, bada oraindik argia ikusteke duen eta Turismoa ardatz duen gunea. Hurrengo asteetan plazaratuko den Otxandioko Turismo web gunean, herriko jaien, ohituren eta historiaren informazioa, ondare natural eta kulturalaren nondik norako guztiak, oinezko zein bizikletaz egiteko ibilbideak eta hauei dagozkien GPSrako track-ak, alojamendu, jatetxe, taberna eta denden zerrenda osatua eta beste horrenbeste atal eskuragarri izango dira herritarren zein turisten eskura.

Web gunea: Herritarrek parte hartzeko gunea

Horrez gain, www.otxandio.net web gune nagusian, herritarren kezka eta iritziak jasotzeko albisteetan iruzkinak egiteko aukera izango da eta inkestak egingo dira, proposamenak egiteko edota galderak plazaratzeko gutunontziaren tartea zabalduko da,  eta herritarrei blogak zabaltzeko gonbidapena ere egingo zaie, hilero edo hamabostero iritziak idatz ditzaten.

Blog bat zabaltzeko aukerari dagokionez, Udala jakitun da zaila dela dinamika hau oso oparoa izatea (nagikeria, iritziak kaleratzeko erreparoa...), baina martxan jarriko balitz, ikuspegi sozialetik oso aberasgarria litzatekeelakoan dago. Blog batek, herritarroi, herriko edozein gairi buruzko iritzia era pausatuan eta askatasun osoz emateko aukera ematen digu. Askotan nahiz eta kalean astero elkar ikusten dugun ez dago komunikazio biderik herritarren artean. Espazio geografiko bat konpartitzen dugu, eta are gehiago komunitate bat osatzen. Denok dugu zer esana elkarbizitza hobetzeko, kultura aberasteko, edota arazo sozialei irtenbide onenak bilatzeko, eta beti da ona iritzi desberdinak entzutea. Horregatik, desberdinen arteko topagune bat izan nahi du blogen atal honek. Adinez, pentsaeraz, sexuz, jatorriz… desberdinak garenok elkar ezagutzeko. Animatu beraz eta zabaldu zure bloga udalarekin harremanetan jarriz.