Albisteak

 

Duela urte bete “Izarren argia” filma estreinatu eta gero, “Zerutik sua dator” dokumentala aurkeztu berri du Baleuko ekoiztetxeak. Gerra zibilean Bizkaiak pairatutako bonbardaketak eta hauen ondorioak oinarri dituen egitasmoa da “Zerutik sua dator” dokumentala.

Dokumental horren helburua, oroimen historikoa herritarren eskutik berreskuratzea izan da. Horregatik, udaberri hasieran ekoiztetxekoak Otxandioko udalarekin eta herritar talde batekin harremanetan jarri ziren. Egitasmo horrek aurrera egin zezan, Bizkaiko gainontzeko herrietako herritarren parte hartzeaz batera, Otxandioko herritarren parte hartzea beharrezkoa zela azpimarratu zuten.

Hori horrela,  ekoiztetxekoek Otxandioko bonbardaketa jasan zuten herritarren testigantzak jasotzeari ekin zioten heinean, herritar talde batek, 150 otxandioarren parte hartzeari esker Bonbardaketa egunean Otxandion gertatu zena islatzen duen ikus-entzunezko film labur bat garatu zuen.

Otxandion eta Bizkaiko beste hamaika herrietan grabazio lanak bukatuta, “Zerutik sua dator” dokumentalaren aurkezpen ekitaldietako bat Otxandiora ekartzeko saiakera egingo du udalak. “Herriak sortu duena herriri itzuli gura” diotela eta filmak ibilbide komertzialik izango ez duela adierazi du dokumentaleko zuzendariak.

Trailerra ikusi