Albisteak

 

Albiste hau modu pertsonalagoan idatziko dugu, orrialde instituzional batek behar duen tonu distante eta formala aldi batez baztertuz. Aste honetako gobernu batzordean sortutako eztabaida baten berri eman nahi dugu, hausnarketak merezi duelakoan gaude eta.

Udalak urtero 2600€-ko dirulaguntza banatzen du nazioarteko herrialdeen garapenerako. Dakigunez, garapen maila baxuena ”hirugarren munduko” herrialdeena da, normalean munduaren hego hemisferioan aurkitzen diren herrialdeak dira. Baina ez du zertan horrela izan. Ukraniako umeek oporraldia Euskal Herrian pasatzeaz arduratzen den erakunde batek ere jaso izan du Otxandioko udalak ematen duen diru honen zati bat.

Radikalak izaten jarraitu nahi dugunez, hau da, arazoak errotik zuzendu behar direla uste dugunez, ezin gainetik kendu ogi papurrak banatzen ari garen aberats pribilegiatuaren sentimendu paternalista ezin gogaikarriagoa. Nola banatu diru hau? Horra gure galdera. Jarraian azaleko hausnarketa labur batzuk:

  • Bistakoa denez, mundu hau ez da igualitarioa, inondik inora, eta gu, munduko aberastasunaren %80aren jabe den %20aren zati gara. Estatistika ankerrak edonon aurki daitezke Interneten: zenbat ume hiltzen den minuturo gosez, herrialde garatuek armagintzan gastatzen duten BPGaren zenbatekoarekin zenbat herrialderen oinarrizko behar materialak nola ase daitezkeen…
  • Munduko errekurtso fisikoak mugatuak direnez, logika zientifikoak honakoa dio: gordin esanda, guk, “lehen munduko” pribilegiatuok, egun daukagun kontsumo mailari eusteko, %80ak pobrezian bizitzen jarraitu behar du. Eta horretaz arduratzen diren instituzio supranazionalek (FMI, BM, OMC) ondo betetzen dute euren lana. Har bedi Joseph Stiglitz, ekonomian nobel sarituak, eta BMko ekonomista buru izanak, ”El malestar en la globalización” liburuan emandako testigantza adibidetzat.
  • Kontziente izan ala ez, guk aukeratu ala ez, ”lehen munduko” pribilegiatuok muturreko desberdintasun sozialen mapamundi anker hau sostengatzen dugu.
  • Karitatean, ONGetan... lanean dabilen jendeari errespetu osoz, ”apadrina un niño”, “eman euro bat hilabetero”, “banatu 2600€ urtean”, eta halakoak, geure kontzientziak baretu eta egungo status quo-ak aldaezin jarrai dezan oso bide eraginkorrak dira batzutan.
  • Arazoa ez dago “hirugarren munduan”, ”lehen munduan” baino.

Gaurko plenoan onartu behar da 2600€ horien banaketa. Pertsonen destinuak erabakitzen ari gaitezkeela pentsatzeak sorrarazten digun egonezina gainetik kendu ezinda, hona gure erabaki ezin arbitrarioagoa: 1800€ Saharako umeentzat, eta 800€ Ukraniakoentzat.