Albisteak

 
NONDIK GATOZ

2006. urtean, Bizkaiko 48 Udalek osatutako mankomunitateak kudeatzen zuen hiltegiaren itxieraren ostean sortu zen Erralde. Otxandioko Udala Erralderen hasieratik da partaide. Hastapenetan, bi erronka nagusi hartu genituen gure gain Erralde osatu genuen 13 Udalek (gaur egun 15). Alde batetik, hiltegiaren jarduera Bizkaiko lehen sektorea bultzatzera bideratzea.

Horretarako, beste hiltegi ereduetan gertatzen denaren kontra, Erralderen helburua ez da hiltegiaren jarduerarekin irabaziak lortzea, baizik eta Udalok, beste alor batzuetan eskaintzen dugun zerbitzuen antzera, sektore honi ere zerbitzu publiko bat eskaintzea.

Horrela, beste ereduetan bitartekariek (hiltegiko ugazabak, maioristak, …) eramaten dituzten irabaziak saihestuz, Erraldek, abeltzainei, prezio duina eskain diezaieke hilketa zerbitzuarengatik, eta modu horretan, globalizazioaren gizarte eredu honetan abeltzaintza intentsibotik datorren haragi merkearekin lehiatzeko aukera daukate. Ondorioz, harakinei eta kontsumitzaileei bertako abeltzainek hasitako abereena eta kalitatezkoa den haragia saltzeko eta kontsumitzeko aukera eskaintzen zaie.

ITXIERA ETA GAURKO EGOERA

Durangoko hiltegi zaharreko baldintzak epe laburrerako aukera baino ez zutela eskaintzen ikusita (instalazio zaharkituak, zabaltzen ari zen hirigune baten erdian kokatua, …), Erraldek jarraipena izan zezan behar beharrezkoa ikusten zen hiltegi berri bat egitea. Gaur egun, Berrizen lur batzuk erosita, exekuzio proiektua idatzita eta lehenengo faseko lanak esleituta daude. Gauzak horrela, gelditzen dena proiektu guzti honek eskatzen duen finantziazioa guztiz lotuta izatea da. Bide horretan, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak proiektuaren %40a diruz laguntzeko borondatea erakutsi, Erralde osatzen dugun 15 Udal txikik beharrezkoa dugu laguntza gehiago, eta gurekin batera proiektu hau bultzatzeko beste erakundeen babesa ziurtatzeko lanetan gabiltza. Alde batetik, badira hainbat udal Erralden interesa erakutsi dutenak (duela hilabete Erralden bertan egindako batzar informatibo batean 16 udaletako ordezkariak egon ziren), eta epe laburrean, beraien babesa izateko esperantza daukagu. Beste alde batetik, Bizkaian gelditzen den hiltegi bakarra izanda, Bizkaiko Foru Aldundiak bere babesa eskaini beharko liokeela uste dugu, baina gaur gaurkoz proiektuaren zati txiki batzuk bere gain hartzeko aukera besterik ez omen du ikusten, konpetentziarik ezaren argudioaren atzean ezkutatuz. Dena dela, aurretik aipatutako Udalen laguntzaz aurrera egin ahal izango dugula uste dugu eta horretan gure indar guztiak jarriko ditugu.

Aurrez aipatutako finantziazio ziurgabetasunak eta beste era batzuetako zailtasunak medio, hiltegi berriaren eraikuntza proiektua denboran atzeratuz joan da, eta hasiera batean Durangoko hiltegian iraun beharreko denbora halabeharrez luzatu egin da. Hiltegi zahar honetan Erralderen jarduera egiten jarraitu beharrak era guztietako zailtasunak sortu dizkio proiektuari. Alde batetik, jardueraren mantenu kostuak oso altuak dira. Bestetik, hiltegiaren egiturak lanak ondo egitea zailtzen du, eta bere kokapena dela eta, auzo elkartearen kexuek Durangoko Udala Erralde estutzera eta hiltegian jarraitzeko zailtasunak planteatzera eraman du. Baina arazorik larriena Osasun Sailarekin izan beharreko elkarlan harremanen gaiztotzea izan da, aurreko astean hiltegia ixtera heldu arte.

Egoera honen aurrean, Erraldek, sektoreko beste eragileekin batera, neurri hau desproportzionatua dela salatu du, eta gure jarduera zorrotz aztertu eta ahalik eta azkarren hiltegia berriro zabalik ikusteko gure eskutan dagoen guztia egiteko determinazioa hartu dugu. Horrela adierazi zaio Osasun Sailari urtarrilaren 18an izandako bileran. Hauek, hiltegia aldi baterako bakarrik zarratu dutela eta itxiera erresoluzioan aipatzen diren gabeziak zuzenduz gero berriro zabaltzeko aukera dagoela esan zieten Erraldeko ordezkariei, orain arte erakutsi dutena baino jarrera zabalagoa erakutsiz.

Horretarako, estatu mailan alor honetan ospea duen albaitari batekin harremanetan jarri gara eta bere laguntzaz egoera aztertu, konponbiderako bidea zehaztu eta, Osasun Sailarekin elkarlanean, barriro hiltegia zabaltzera eramango gaituen bide orria zehaztuko dugu. Behin hau izandakoan, dagoeneko egindako aldaketez gain (kudeaketa arduradunarekin harremana hautsi, gabezia batzuen zuzenketak egin, …), bide orriak zehazten dituen aldaketa guztiak egin eta, epeez berba egitea arriskutsua bada ere, laster batean hiltegia barriro martxan jartzea dugu helburu.

Aipatu beharra daukagu, Osasun Sailak azken batzarrean izandako jarrera zabalago horretan eragin handia izan duela Erraldek sektoreko eragileen, Udal desberdinen eta gizartearen aldetik jasotako babesak. Eta alde horretatik, Erralderen parte garen heinean, egoera larri honetan bere babesa eskaini duen jende guztiari gure esker ona adierazi nahi diogu Otxandioko Udaletik.