Albisteak

 

Eguenean ospatutako osoko bilkuran, aldeko sei boto eta abstentzio birekin, gobernu taldeak proposaturiko 2012ko aurrekontuen proposamena onartu zen.

Proposamen hori bozkatu aurretik, alkateak hitza hartu, eta aurrekontuetan jasotzen diren inbertsio nagusien xehetasunak azaldu zituen. Batetik, etorkizunean nagusientzako zerbitzu berriak eskaintzeko helburuarekin, erresidentzia ondoko etxearen erosketa egingo dela adierazi zuen. Bestetik, herriko mugikortasun planari jarraituz, Mainerrota inguruan ibilgailuen sarrera mugatu eta Iturrizarreko parking-a handituko dela aipatu zuen. Azkenik, hurrengo hilabeteetan osasun sailetik edota beste erakunde batzuetatik lor daitekeen finantziazioak baldintzatuta, anbulatorio berria eraikitzeko asmoa dagoela azaldu zuen alkateak.

Inbertsio horiek guztiak aurrera eramanez gero, urte honetan 2.777.649,38€ kudeatzea aurreikusten du udalak. Horra hor, 2012ko udal aurrekontuen dokumentazioa.

Garoñako zentral nuklearraren itxiera ere eskatu da

Aurrekontuez aparte, aste honetako osoko bilkuran ere, mozio baten bitartez, udalbatzak aho batez Santa Maria de Garoñako zentral nuklearraren berehalako itxiera eskatu zuen.

Udalbatzak onartutako mozio horretan, zentralaren bizitza luzatzeak, zentralaren jabe diren, konpainia elektrikoen interes ekonomikoekiko mesede gisa baino ezin direla ulertu azpimarratzen da, eta energia iturri berriztagarrien aldeko apustua eginez eta gaur egungo energia kontsumo maila birplanteatuz, ekonomia ekologizatzea beharrezkoa dela gehitzen da. Hori guztia kontuan izanik, Garoñako zentral nuklearraren itxiera eskatzeaz gain, Otxandioko udala kontsumoaren gutxitze eta energia iturri berriztagarrien erabileran oinarritutako energia aurrezpenaren aldeko apustu garbia egitera konprometitu da.

 Erlazionatutako dokumentua (PDF 17KB)