Albisteak

 

Datorren apirilaren 29an Otxandion ospatuko den Artekale Eguna Arriaga Antzokian burutu den prentsaurrekoan aurkeztu dute. Bertan, Euskal Herriko Kaleko Arteen arloan diharduten agenteak biltzen dituen ARTEKALE elkarteko antolatzaileak eta ekimen berri honetan bidaide duen Otxandioko Udaleko ordezkariek, jaialdi-topagunearen xehetasunak ezagutarazi dituzte.

ARTEKALE elkarteko kide eta Bilboko Udaleko kaleko arteen zenbait ekimenen arduradun den Pedro Ormazabalek Artekale Egun honen ildoan euskal talde, jaialdi eta banatzaileak elkartzeko egokitasuna nabarmendu du, lagun-artean eta jai-giroan bilduz eta euren artea publikoarekin konpartituz. Hori dela eta, egun berezi honen aukera paregabeaz gozatzeko norbanakoak eta familiak hurbildu daitezen deaildi zabala egin du, denek ongi pasatzeko parada izango baita. Izan ere, egun guztian zehar –bezperako gauerdian Jon Zabal Mago eta komikoaren iksukizunaren eszenaratzearekin hasita eta apirilaren 29ko egun guztian zehar, goizeko hamarretatik iluntzera bitarte– hamahiru ikuskizunez osotutako programazioa aurkeztuko dute, ikuslego zabalarentzat gehienak, baina haur zein helduentzat bereziki sortuak tarteko.

Otxandioko Udaletik, bestalde, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa artean eta Gorbea eta Anboto mendilerroen magalean kokatuta dagoen herri honen bertuteak goraipatu dituzte, ez bakarrik bere aberastasun arkitektonikoari lotuta, baizik eta bere kaleetan bizi den euskal giro eta bere herritarrek kulturarekiko duten begiruneagatik.

Artekale Eguna ARTEKALE-Kale Arteen Topaketa Profesionalak Euskadin elkarteak Otxandioko Udalarekin batera antolatu du. Euskal Herriko kaleko arteen arloan diharduten konpainia eta jaialdiak dira Artekaleko partaide, Kale Arteen berezitasunean sakontzeko eta errotik ikertzeko,  hau da, hausnarketa-gune bat sortzeko ekimen paregabea.

Apirilaren 29ko egitaraua, hemen (PDF 4MB).