Albisteak

 
Herriko enpresa, komertzio edota etxe batetik isuritako gai erasokor baten ondorioz, Zelaietako araztegian aurkitzen diren eta uraren arazketarako beharrezkoak diren mikroorganismo guztiak hil dira. Araztegian ur analisiak egiteaz arduratzen den enpresak udalari jakinarazi dionez, arazo larri hau oso alkalinoa den gai batek, oso azido den gai batek, metal astun batek ala kloro kantitate handi batek sortarazi du.

Duela gutxi, uda inguruan konkretuki, Zelaietako araztegiak matxura garrantzitsua izan zuela gogorarazi behar da. Matxura hori konpontzeko programatu zen urgentziazko interbentzioak, errekan kalte nabarmenak eragin zituela eta udalean ezusteko 25.000€-ko gastua sortarazi zuela azpimarratu behar da. Gaur egun, matxura horrek eragin zituen ondorio ekologiko eta teknikoei aurre egin zitzaiela hilabete gutxi pasa direnean, norbaiten arduragabekeria dela eta, ondorio nabarmenak eragin dituen egoera berri baten aurrean gaude berriz ere.

Beraz, enpresetatik, komertzioetatik, edota etxeetako komun eta harrasketatik zer botatzen den kontuan izatea eta arduratsu jokatzea eskatzen zaie enpresa eta komertzioetako arduradunei, zein herritarrei orokorrean. Herritik araztegira doazen hodiak eta araztegiaren funtzionamendua bera hondatzeaz gain, errekan ondorio ekologiko garrantzitsuak eragiten direlako.

Era berean, zigarrokinak edota etxeko ur-zikinak kaleetako alkantariletatik ez botatzeko deia egin nahi du udalak. Alkantarila horietako hodi guztiak, araztegitik pasatu gabe, zuzenean errekara doazelako.