Albisteak

 

Maiatzeko Guzurmaikon jakitera eman genuenez, Bizkaiko Foru Aldundiak katastroa eguneratzeko prozesua jarri du martxan aurten. Katastroak, ondasun higiezinen erregistro administratiboak, 40 urte daramatza eguneratu barik, eta honek desoreka nabarmenak sortu ditu herritarrek ordaindu beharreko Ondasun Higiezinen Zergan. Horrela, etxe zaharretan bizi direnek askoz gutxiago ordaintzen dute etxebizitza berriagoetan bizi direnen aldean.

Udal honek behin baino gehiagotan adierazi du katastroa eguneratu eta desoreka hauek zuzentzearen beharra eta beraz begi onez jaso zuen Aldundiak berau eguneratzeko adierazi zuen nahia. Eguneratze prozesua ordea presaka egin nahi izan da eta akats tekniko eta material nabarmenak egin dira, hain zuzen behar den patxada ez hartzearren. Maiatzeko Guzurmaikon adierazi genuenez, Udalak eguneratze prozesua behar den zehaztasun eta patxadarekin egitea eskatu zion Aldundiari eta Otxandioren kasuan proposatzen ziren zenbait irizpiderekiko gure desadostasuna ere adierazi genuen.

Pasa den astean jakin dugu berrikuspen prozesuaren ondoriozko katastro-balio berriak indarrean jartzeko epea 2014ko Urtarrilaren 1era atzeratu dela Bizkaiko hainbat Udalek adierazi dituzten desadostasunak direla eta. Beraz, urtebeteko epea dago katastroaren eguneratze prozesua behar bezala egiteko.

Hori dela eta, Ekainerako iragarri batzar zabala bertan behera gelditu da. Datorren ikasturtean, gauzak aurrera doazen heinean, deituko du Udalak gai honi buruzko batzar zabala.