Albisteak

 

Gobernu espainiarraren delegaritzak Otxandioko Udalari balkoian bandera espainola jartzeko agindu dio. Herri guztietara ari da heltzen agindu hau. 39/1981 legearen 3.1 artikuluak bandera espainola administrazioaren eraikin guztietan egon behar dela agintzen du, bai kanpoaldean eta bai barnealdean.  Udal gobernuak, agindu honen gaineko lehen balorazio politikoa egin nahi du ondoko lerroen bidez.

Gobernuak bandera espainola jartzea normaltasunezko ekintza legez aurkezten du: herrialde normaletan bertako herritarrak sinbologia nazionalarekin identifikatuta sentitzen dira eta beraz normala da sinboloak harrotasunez erakustea.

Gure ustez, ez gabiltza oker herritarren gehiengo zabal batek bandera espainola bere egiten ez duela diogunean. Tartean gobernu espainolaren agindurik egon ez den azken 35 urteotan, otxandiotarrok ordezkatu gaituzten udal-arduradunek ikurrina baino ez dute jarri Udaleko balkoian. Herritarrok ikurrinarekin sentitu gara identifikatuta, eta aldi berean, gehiengo zabal bat ez da bandera espainolarekin identifikatu.

Zergaitik gara ba gu hain arraroak Murtzia, Caceres edo Valladolideko herritarrek hain modu naturalean egiten dutena arazo bihurtzeko? Bada, gobernu delegatuak ulertu nahi ez arren, nazio bat garelako eta gure hizkuntza, kultura, idiosinkrazia (eta baita gure sinboloak ere) aldarrikatu nahi ditugulako espainolek, italianoek, frantsesek zein brasileinoek egin ahal duten modu berean. Besterik ez.