Albisteak

 
Azaroaren 8an ospatutako udal osoko bilkuran, bertaratutako Bilduko 6 zinegotziren parte hartzearekin, hurrengo urtean indarrean izango diren ordenantza fiskalen eguneraketa behin behinean onartu zen. Aipatutako ordenantza horiek, Udalak hurrengo urtean zehar aplikatuko dituen zergen (etxebizitzena, ibilgailuena,...) eta tasen (ura, estolda, zaborra, igerilekua,terrazak,...) prezioak zeintzuk izango diren zehazten dute.
 
Datorren urterako, orokorrean, KPIaren (%3,4) araberako eguneratzea onartu zen aipatutako zerga eta tasetan. Dena dela, badira irizpide orokor horretatik kanpora gelditu eta igoerarik gabe jarraitzen dutenak. Hala nola, etxebizitzaren zerga (HGZ edo IBI), agiriak emateagatik ezartzen den tasa, eraikuntza eta eraberritze lanen zerga (OIEZ edo ICIO) ...
 
OIEZ edo ICIO tasari dagokionez, nahiz eta tipoa ez den igoko, aurretik zegoen arauaren moldaketa bat eman da sortzen zituen interpretazio desberdinen arazoa konpondu eta garai berrietara egokitu nahian. Hemendik aurrera tipoa bakarra izango da lan guztientzako, %5eko tipoa hain zuzen ere. Hala ere, irisgarritasuna hobetzera, gaixotasun larrien beharrizanak asetzera, eraginkortasun energetiko hobetu eta energia berriztagarrietara aldatzera, lanpostu egonkorrak sortzeko ekimenak ezartzera eta zaharkitutako etxebizitzak eraberritzera bideratutako lanek hobari desberdinak izango dituzte zerga honetan.
 
Bestalde, ordenantza berriak ere onartu dira aurtengoan. Besteak beste, udal larreen erabilera arautzen duena, jaietan txosnak, barrakak eta  antzeko postuak jartzea arautzen duena, eta garapenerako laguntzen ematea arautzen duena.
 
Hemen dituzue onartutako arauak bere osotasunean.