Albisteak

 

Gobernu espainiarrak EAEn duen ordezkariak espainiar legediko 39/1981 legearen 3.1 artikuluaren arabera balkoian bandera espainola hilabeteko epearen barruan jarri beharra zeukala jakinarazi zion aurtengo udaberrian Otxandioko Udalari. Otxandioko Udalak bandera jarri ez zuenez administrazioarekiko auzia zabaldu zaio. Orain epaile batek erabakiko du jarri beharra dagoen edo ez. Beste herrietan gertatutakoa ikusita, ziurra da legea betetzera behartuko duela epaileak Udala.

Epaileak, Udala espainiar bandera jartzera behartzen badu, eta honek ez badu agindua betetzen, Udala eta Alkatea isunez zein inabilitazioz zigortu dezake eta jarrera hau errepikatuz gero udalbatza desegitera arte heldu daiteke.

Gertakari honen aurrean hurrengo gogoeta egiten dugu:

  • Otxandioko herritarren gehiengo zabalaren naziotasun sentimendua une honetan Udaletxean eskegita dagoen ikurrinak ordezkatzen duela eta hortaz beste ikurren beharrik ez dugula ikusten.
  • 1979. urtetik gaur egunera Otxandioko Udalean herriak aukeratuta egon diren udal ordezkariek ez dutela hau jartzeko premiarik sekula ikusi eta Udaletxetik eskegita egon den bandera bakarra Ikurrina izan dela.
  • Espainiar ikur hau jartzeko eskaria ez datorrela herritargoaren edo bere ordezkarien eskutik, Espainiak EAEn duen ordezkariarenetik baizik eta hortaz ez diola gure herriaren nahiei erantzuten baizik eta Espainiako gobernuarenei.
  • Udalak gai honetan hartu beharreko erabakiak, herri guztiari eragiten dion heinean, herri osoaren parte hartze zabal eta bateratua eskatzen duela.

Guzti honetaz hausnartu eta aurrera begira herri mailan eman daitezkeen urratsak aztertzeko, hurrengo abenduaren 18an, 19:00etan, kultur-etxean ospatuko den batzarrera dei egiten dizuegu.

Bertan elkar ikusiko garelakoan, agurtzen gara.