Albisteak

 

Euskal Herria eraikitzen

Gaur, igandea, Aberri Eguna da. 1931tik egun hau gure Herriaren eguna izan da, eta, beste herri askotan egiten den antzera, gure nazioaren berrespen baketsu eta kolektiboa ospatuko dugu gaur. Egun honekin, euskaldun guztiak batzea dugu helburu, geure nortasunaren adierazpen askea eginez eta geure herriaren biziraupen borondatea alaiki aldarrikatuz.

Euskal Herria nazioa da eta nazio bati dagozkion eskubide politikoak ditu. Eskubide horiek aldarrikatzera dator gaurkoan Udalbiltzak.

Herri bezala, nazio bezala irautea eta garatzea dugu helburu, ez baitira makalak, XXI. mende honetan, etorkizunari begira, ditugun erronkak. Izan ere, hor dugu aurrez aurre, munduan zehar, ekonomi eta kultur alorreko globalizazioaren fenomenoa. Globalizazio honek errotik astintzen ditu gure gisako herri baten ekonomia, kultura, hizkuntza eta gizartea bera ere. Eta uniformizazio fenomeno horri erantzuteko beharrezkoa da herri honek bere baliabide politiko, instituzional, ekonomiko edo kulturalak zehaztu eta bideratzea. Horretxegatik gatoz, hain zuzen ere, Aberri Eguna ospa dezaten gonbitea luzatzera herritar guztiei.

Horretan ari gara, Euskal Herriaren nazio kontzientzia demokratikoan sakonduz, herri bezala aurrera egiteko lanabesak martxan jartzen. Aipatu erronka horiei ekiterakoan Euskal Herriak bidean aurkitzen dituen zailtasunak ez dira nolanahikoak, eta horiek gainditu eta ezabatzea da gure helburua, euskal herritar guztion arteko eztabaida demokratikoari bide emanez, gure arteko harremanak sakonduz eta herri honen etorkizun politiko, kultural, ekonomiko nahiz hizkuntza alorrekoari bermea eskainiz, inongo indarkeria edo inposaketa jarrerarik gabeko giroan.

Horregatik, ozenki adierazi nahi dugu euskal herritar guztien borondate librearen gainean soilik eraiki daitekeela Euskal Herria nazio moduan, inolako aurrebaldintza eta mugarik gabeko eztabaida demokratiko eta politikoaren bitartez. Herritar eta ideia anitzez osaturiko herri honetan dauden proiektu politiko guztiak leku izango duten eskenatoki demokratiko eta baketsuaren alde lan egiteko konpromisoa hartzen dugu gure gain.

Hausnarketa hauen inguruan burutu dugu aurtengo Aberri Egunaren deialdia; alegia, udal izaeran oinarritzen den euskal instituzio nazional honek eraikuntza demokratikoari begira hartutako ardurak berresteko asmoz. Ospakizun eguna da, baina baita konpromisozkoa ere, euskal gizartearen etorkizuna bakean, justizian eta askatasunean eraiki nahi dugulako. Euskal Herriaren eguneroko eraikuntzan orain artean egindako bideari jarraitzeko borondatea agertzen baitugu, gaurko zitaren bidez.

Aurtengo Aberri Egunak euskal gizartearen aniztasun sozial eta politikoa oinarritzat hartzen duen nazio eraikuntza libre eta demokratikoari zabaltzen dio leihoa, alderik alde, inposaketa eta zapalketa orori aurre eginez, irekitasuna ikurtzat harturik. Gatazka politikoa eta honen ondorio larrientzat behin betiko soluziobidea mahai gainean jarriz; alegia, burujabetza eta lurraldetasun eskubideak ezagutuak izango dituen Euskal Herriaren onarpena.

Beraz, herrigintza guztion eginbeharra da, eta guztiok behar gaitu, inor baztertu gabe.

Udalbiltzak hala uste du eta hauxe dio: etorkizuna euskal hiritarren eskuetan dago, herri honen eraikuntza nazional eta demokratikoaren eskuetan. Horregatik, dei egiten diegu herritar guztiei, Aberri Eguna guztion artean alaiki ospa dezagun.

Euskal Herrian, 2013ko martxoaren 31n

Udalbiltza (Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarra)