Albisteak

 

Abenduko Udal Osoko Bilkuran honako mozioa onartu zen aho batez. Besteak beste, Urtarrilaren 12an, "Giza eskubideak, irtenbidea, bakea" lemapean HERRIRA mugimenduak antolatutako mobilizaziora joateko deia egiten da.

Mozioa

HERRIRA mugimenduak, Giza Eskubideen Deklarazioaren edukia aintzat harturik, euskal presoei aplikatzen zaizkien espetxe-neurri salbuespenezkoak indarrik gabe uztea eskatzen du.

Zehazki, sakabanaketa-politikari amaiera ematea eskatzen du, kartzelan dauden pertsonek eskubidea baitute zigorra etxetik hurbil betetzeko. Eskatzen du, bestetik, gaixotasun larria duten hamahiru presoak libre gelditu daitezela, eta Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia bete dadila, eta beraz, aska ditzatela zigorra bete duten 67 presoak, haien artean Iñaki Pujana Alberdi dago, 26 urte daramatzana giltzapean, herri honetako bizilaguna eta 2006an bete zuena bere zigorra.

Salbuespen neurri hauek sufrimendu handia eragiten dute gizartean, zuzenean neurri horiek jasaten dituztenei, baita gizarte osoari ere, apustu garbia egin baitu bakearen eta giza eskubideen errespetuaren alde. Eta sufrimendu hau buka dadin, neurri hauek desagerrarazteko, aski litzateke legeria arrunta aplikatzea.

Hain zuzen ere, hurrengo otsailean 13 urte beteko dira Ruben Garate “Anselmo” Alcala Mecoko espetxetik Euskal Herrira itzulerako bidaian izan zuen istripuan hil zela. Herrira-ren ustez, bereziki mingarria da heriotza hura, Rubenen heriotza eragin zuen errealitate bera sufritzen baitute gaur egun ere beste pertsona askok. Aurten, esate baterako, hamasei istriputan, presoen berrogei bat senitarteko edo adiskidek izan dute kalteren bat, larritasun maila desberdinekoak.

HERRIRAk egiaztatu du gehiengo handiak bere egiten dituela aipatutako eskaerak. Horregatik, proposamena egiten die herritarrei giza eskubideen eta bakearen aldeko akordio sozial zabala egiteko, gutxienekoen taula bat presoen eta erbesteratuen problemari heltzeko, modu eraikitzailean eta egiazko konponbideak bilatu nahian betiere.

Eskaera honen atzean gizartea dagoela ikusarazteko, akordio sozial zabal honen ispilu izan dadin, HERRIRA mugimenduak manifestazio handi baterako deia egin du. Mobilizazioa Bilbon izanen da, urtarrilaren 12an, goiburu honekin: “Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira”.

Horregatik guztiagatik, ERABAKI hauek hartzeko eskatzen diogu Otxandioko Udalari:

  1. Espainiako Gobernuari eskatzea presoen eta haien hurbilekoen giza eskubideak errespetatzen dituen espetxe politika aplikatzeko. Neurri hauek zigorra bizilekutik hurbil betetzeko eskubidea eta osasun eskubidea bermatu behar dituzte, baita beraien zigorra bete duten presoen askatasuna eta zigorraren 3/4ak (edo 2/3ak) bete dituztenen baldintzapeko askatasuna.
  2. Espainiako Gobernuari eskatzea bete dezala Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 2012ko uztailean emandako epaia, eta, ondorioz, libre utz dezala lehenbailehen gure bizilagun Iñaki Pujana Alberdi, 2006an bere zigorra bete baitzuen, eta dagoeneko 26 urte daramatza kartzelan.
  3. Udalaren kezka adieraztea astebururo presoen senitarteko eta lagunek sufritzen duten arriskua dela-eta, eta elkartasuna adieraztea sakabanaketaren biktima guztiei eta, zehazki, herri honetako bizilagunak diren Ruben Garateren hurbilekoei.
  4. Aditzera ematea Udala prest dagoela herriko bizilagun presoen giza eskubideen defentsan lan egiteko, eta haien senitarteko eta hurbilekoen egoera arintzeko.
  5. Horregatik guztiagatik, udal honek bat egiten du Herrira mugimenduak deiturik urtarrilaren 12an Bilbon “Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira” goiburuarekin eginen den mobilizazio orokorrarekin, eta adierazten du prest dagoela akordio sozial zabal horren alde lan egiteko.
  6. Udal honek erabaki honen berri emanen die herritarrei, eta bakearen eta giza eskubideen errespetuaren aldeko lanean inplikatu daitezen animatuko ditu udalerriko bizilagunak.

Bideoa ikusi