Albisteak

bandera española 

Gobernu espainiarrak EAEn duen ordezkariak espainiar legediko 39/1981 legearen 3.1 artikuluaren arabera balkoian bandera espainola hilabeteko epearen barruan jarri beharra zeukala jakinarazi zion 2012ko udaberrian Otxandioko Udalari. Udalak bandera jarri ez zuenez administrazioarekiko auzia ireki zitzaion eta errekurtso desberdinen ostean azken erabakia heldu da. Azken epai honetan bi hilabetetako epean bandera espainola, bai kanpoaldean zein barrualdean, jarri beharra duela agintzen zaio Otxandioko Udalari, Udala eta alkatea isunez zein inhabilitazioz zigortuko delarik agindua bete ezean. Otsailaren 10a da agindua betetzeko azken eguna.

Udal gobernuaren iritziz herritarren gehiengo zabal batek ez du bandera espainola bere egiten. Tartean holako agindurik egon ez den azken 35 urteotan otxandiotarrok ordezkatu gaituzten udal-arduradunek ikurrina baino ez dute jarri udaletxeko balkoian. Herritarrok ikurrinarekin sentitu izan gara identifikatuta, eta aldi berean, jendartearen gehiengo zabal bat ez da bandera espainolarekin identifikatu izan.

Horrekin batera azpimarratu nahi dugu agindu hau inposaketa bat dela deritzogula, bere zentzu osoan, eta karga sinboliko eta politiko handia duena gainera. Noiz eta urte luzeetako konfrontazioa atzean utzi, eta bakea eta normalizazio politikoa bide demokratikoen bidez eraiki nahi diren garaiak bizi ditugunean. Noiz eta eragile politiko desberdinen ahalegin eta urrats zehatzak ikusi ditugunean azken urteetan, historikotzat jo ditugunak kasu batzuetan. Sakonki kezkatu eta larritzen gaituzten honako galderok egiten dizkiogu geure buruari: hau al da espainiar estatuaren eskaintza Euskal Herriarentzat? Hau al da datorkiguna? Hau al da espainiar estatuaren zoru etikoa? Egoera ondo azaltzen duen datu bat buruan izateko: Franco izan zen azkena Otxandioko udaletxean bandera espainola jarrarazi zuena.

Azkenik, uste dugu inposaketa hau ez dela udal-taldeari zuzendua, herri osoaren kontrako erasotzat jotzen dugu. Inposaketa hau herritarren borondate demokratikoaren kontrako eraso larria dela deritzogu. Horregatik, herritarrei deia luzatzen diegu adieraz daitezen, gai honekiko beraien iritzi eta sentipenak askatasunez ager ditzaten.