Albisteak

 
Hauxe, atzoko urgentziazko ez-ohiko Osoko Bilkuran onartutako mozioa:
 
Atzoko egunean burututako operazio poliziaren aurrean, zeinetan zortzi euskal herritar atxilotu zituzten, tartean Otxandioko herritar den Egoitz Lopez de Lacalle, udalbatza honek honakoa adierazten du:
 
Erabat arbuiatzen ditugu atzoko operazio politikoaren ondorioz izandako atxiloketak; operazioan Euskal Preso Politikoen Kolektiboarentzat bitartekari lanak egiten duten hainbat pertsona eta presoen abokatu gisa dihardutenak eraman zituzten.
 
Udalbatza honen ustez, operazioarekin erantzun egin nahi diote duela egun gutxi ezagutu diren Preso Politikoen Kolektiboak egindako debateari eta hartutako erabaki garrantzitsuei. Gainera, atxilotuek parte hartu zuten espetxetik ateratako presoekin Durangon izan zen ekitaldi publikoan. Nabarmena da estatuko gobernuak ez duela bake prozesuan ekarpen positiborik egin nahi; aitzitik, prozesuak aurrera egin dezan galaraztea beste helbururik ez dauka; era berean gertatu zen, adibidez, Bateragune deituriko auziarekin 2009ko urrian -Rubalcaba barne ministroa zelarik- edo, duela gutxi, Herrira mugimendu sozialaren aurkako operazioarekin.
 
Hain zuzen, atxiloketa hauekin gure herrian etsipena zabaltzea lortu nahi du, eta kriminalizatu, batetik presoei ematen zaien laguntza eta bestetik espetxeratuek pairatzen duten eskubideen urraketa salatzea.
 
Gobernu ororen eginkizuna da jendarteari bere arazoak konpontzen laguntzea. Estatuan ere halaxe izan beharko luke. Horregatik, gure herrian gertatzen ari diren aurrerapauso objektiboak eragozten tematzeko jarrera hori soilik era batean uler daiteke, ahulezia politiko gordinaren adierazpen gisa. Badirudi estatuak eta bere aparatuek erabaki dutela ez daukatela ezer irabazteko elkarrizketa eta Euskal Herriarentzako soluzioen agenda batekin. Horregatik, ezin gara saiatu operazio hauei azalpen arrazionalik bilatzen. Egoera hau ikusirik, bakearekin tematuta gaudenok aukera bakarra dugu, orain arteko moduan oztopo eta zailtasunak gainditzeko lanari eustea alegia. Horixe da gure asmoa eta erantzukizuna.
 
Analisi horrekin bat, hurrengoa onartzen dugu:
 
1. Atxilotuak berehala aska ditzatela exijitzen dugu, bereziki Otxandioko herritarra den Egoitz Lopez de Lacalle, eta senide eta lagunei gure elkartasuna adierazten diegu.
 
2. Halaber, Eusko Jaurlaritzari galdegiten diogu ez dezan gehiago onartu Ertzaintza Guardia Zibilaren atal subsidiario moduan erabiltzerik.
 
3. Azkenik, hurrengo egunetan euskal hiri eta herrietan atxiloketok salatzeko izango diren bilkuretan eta zapatu honetan euskal presoen eskubideen alde Bilbon ospatuko den herri-mobilizazioan parte hartzeko deia luzatzen diegu herritarrei.
 
 
 
Otxandion, 2014ko urtarrilaren 9an.