Albisteak

Ikurrina 
 Adierazpen hau BILDUren aldeko bozkekin eta EAJ-PNVren abstentzioarekin onartu da:
 
Gobernu espainiarrak EAEn duen ordezkariak, espainiar legediko 39/1981 legearen 3.1 artikuluan oinarrituz, hilabeteko epearen barruan bandera espainola balkoian jarri beharra zeukala jakinarazi zion 2012ko udaberrian Otxandioko Udalari. Jarri ez zuenez administrazioarekiko auzia ireki zitzaion Udalari, eta errekurtso desberdinen ostean azken erabakia heldu zen. Azken epai honetan, bi hilabeteko epean bandera espainola jartzeko agintzen zitzaion Udalari, kanpoaldean zein barrualdean. Udala eta alkatea isunez zein inhabilitazioz zigortuko lirateke agindua bete ezean. Otsailaren 9an bete zuen agindua Udalak.
 
Horren harira honakoa adierazi nahi dugu:
 
Zuri beltzezko Espainia
 
Estatu espainolak ez du bere baitako nazio desberdinen idiosinkrazia eta jendarte-sentipenak aintzat hartzeko ahalegin handirik egin hamarkada luzeetan. Jakina da hori. XX. mendearen errepaso historikoa egitea nahikoa da hortaz jabetzeko. Baina XXI. mendean bete-betean sartuta gaudelarik, Gobernu espainolaren politikagintza, eta haratago Espainian nagusi den kultura politiko atzerakoia, are erasokorragoa izaten ari da Estatu barneko nazio desberdinekiko. Kultur-adierazpide minorizatuak balioan jarri eta sustatu ordez, kultur-homogenizazioa; eta erabakimena eta auto-gobernatzeko tresnak arautu ordez, zentralizazioa. Horixe Espainiaren eskaintza geure herriarentzat! Wert legea, tokiko administrazioaren erreforma legea, zorpetze publikorako mugak, abortoaren kontrako legea, lan-erreforma, pentsioen erreforma, hiritarren segurtasunerako legea...
 
Eta zer da bada Otxandioko Udalari balkoian bandera espainola jartzeko agindua? Beste hainbeste: espainiartasuna indarrez ezartzeko ahalegina. Kate luze baten beste katebegi bat.
 
Baina, zenbat urte egin dugu atzera? Belaunaldi berriok zuri beltzean ikusi ditugun irudiak, historiaren pasarte ilunenak, gaurko errealitate gordinean erreproduzitzen ari dira.
 
Demokraziaz ari gara
 
Legearen bortxa darabilte gehiengo demokratikoen kontra. Ezen, azken finean arazoa demokrazia baita, edo hobe esanda, demokraziarik eza.
 
Otxandioarren gehiengo zabalak ez du bere burua bandera espainolarekin identifikatuta sentitzen. Are gehiago, bandera espainola ikur arrotza da herritarren gehiengoaren begietara. Hori horrela da otxandioarrek horrela sentitzen dutelako. Ez dago beste sekreturik, gauza naturala da, normala.
 
Errealitate horren aurrean estatu demokratiko batek, estatu moderno batek, gehiengo hori errespetatuko luke, besterik gabe, naturala delako, normala delako. Eta ageri-agerikoa den gatazka politikoa konpontzeko bide demokratiko bat eskainiko luke. Horixe da hain justu Britainia Handiak egin duena Eskoziarekiko, auzi politiko bati konponbide demokratikoa emateko bide demokratiko bat proposatu. XXI. mendean eta Europaren bihotzean.
 
Arazoa Espainia da ordea. Auzi berberean, Autonomia bertan behera uzteko mehatxuarekin erantzuten ari zaio Espainia Kataluniari. Britainia Handia eta Espainia, afera berdinari erantzuteko bi eredu: demokrazia vs inposaketa.
 
Erabakitze eskubidea oinarri
 
Etorkizunari baikortasunez begiratzen diogu, inposaketaren bidea laburra baita. Argi eta irmo azaldutako herri baten borondate demokratikoa ez da putzu beltzean itoko. Urak bere bidea egiten du, lehenago edo beranduago.
 
Baina hori ere ez da berez etorriko. Herri gisa antolatu behar gara horretarako, alderdi-interesen gainetik, gizarte zibilaren parte hartze aktiboa bilatuz, geure herriari, Euskal Herriari, etorkizun libre eta demokratiko bat eskaintzeko helburuz. Inposaketarik gabe, demokrazia oinarri.
 
Udalak bere konpromisoa berresten du, dagokion neurrian, langintza horretan eragile aktibo izateko, eta mezu baikor bat helarazi nahi die otxandioarrei: etorkizun hori gure esku dago!
 
Plaka bat udaletxearen aurrealdean
 
Herritar talde batek horrela eskatuta, bandera espainolaren inposaketa salatzen duen plaka bat udaletxearen aurrealdean jartzea begi onez ikusten du Udalak. Plaka honek ondorengo mezua jasoko du: Gaur Espainiako bandera jarri da Otxandioko udaletxean, herritarron gogoaren kontra, espainiar legediak horixe inposatu digulako. Otxandion, 2014ko Otsailaren 9an. Mezu hau gazteleraz, frantsesez, alemanez eta ingelesez ere jasoko da plaka horretan.
 
Gainera, herritarrei dei egiten diegu mezu honekiko atxikimendua sinadura bidez adieraz dezaten. Sinadura orriak Udaleko lehiatilan egongo dira eskuragarri.