Albisteak

 

Otsailaren 24an itxi ditu Udalak 2013. urteari dagozkion diru kontuak eta emaitza positiboarekin egin da itxiera hau, hain zuzen ere 239.536,67 €ko soberakinarekin.

Emaitza positibo honen atzean, nagusiki, Udaletik katastroaren eguneratzean egindako lan mardula dago, katastroan altan eman gabeko ondasunak altan emateko beharrezko tramiteak eginaz eta sasoi batetik ona erabilera aldaketak izan dituzten jabetzen izendapenak eguneratuaz. Lan hau BFAko katastroaren eta Udalaren arteko elkarlanean egin beharra dago, baina urtetan lan honek pilatu duen atzerapena eta honek udalaren ohiko sarreretan zuen eragina ikusita, azken urteetan Udala ari da ekimena hartu eta ahalegin sendoa egiten. Lan honi esker, herriko ondasun desberdinek OHZn (Ondasun Higiezinen gaineko Zerga) ordaintzen dutenaren arteko proportzionaltasuna berreskuratzeko bidean urratsak egitearekin batera, zerga honetan 2013rako aurreikusitakoa baino 115.000 € inguru gehiago jasotzea lortu du Udalak, lortutako emaitza positiboaren erdia gutxi gora behera.

Iaz ere emaitza positiboa izan zen, baina iazkoan ez bezala, Udalaren uneko zorpetze txikia dela eta, soberakin hau ez dauka dituen kredituak kitatzera bideratu beharrik eta 2014. urtean behar denerako erabilgarri izango du Udalak.

Honek, 2014ko ekitaldiari begira, egoera ezin hobean jartzen du Udala. Horrela 2014ko aurrekontuetan, beste erakundetatik jasotzea espero den diru laguntzei baldintzatutako inbertsioekin aurrera egiteko erabakia hartzerakoan autonomia gehiagoz jokatu ahal izango du, eta hortaz aukera gehiago izango ditu inbertsio hauek gauzatzeko.

Hortik aurrera, azken urteetako egoera ekonomiko estuaren ondorioz atzeratuta egon diren alor desberdinetako inbertsio batzuei ekiteko aukera izango da.