Albisteak

 

Prentsaurrean Mañari, Izurtza eta Otxandioko ordezkariek irakurritako testua:

"Hemen gauden udal ordezkarion herrietako biztanleak, hau da Mañari, Izurtza eta Otxandioko herritarrak, oinarrizko zerbitzuak zein beste era askotako mugikortasun premiak asetzeko garraio publiko nagusia Durango-Gasteiz autobus linea dugu. Linea hau herrialde artekoa izanik Arabako Foru Aldundiaren eskuetan dago zerbitzu honen kudeaketa eta “a riesgo y ventura” modalitatean esleituta dago, hau da aldundiak ez dio inolako laguntza ekonomikorik eskaintzen linea honi.
 
Azken urteetan linea honetan izandako era guztietako gabezi larriak direla eta, makina bat izan dira erabiltzaileen eskutik jasotako kexu eta salaketak: zerbitzu kopuru urria izateagatik, ibilgailuen egoera txarragatik,  sarriegi izaten diren matxurengatik, matxurak gertatzen direnean ordezko ibilgailurik ez jartzeagatik, autobusa beteta datorrenean bidaia egin ezinean gelditzeagatik, …
 
Egoera hau konpondu nahian Udal ordezkariok hainbat aldiz jo ditugu bai Arabako zein Bizkaiko aldundien ateak. Arabako foru aldundian esleipena indarrean dagoen bitartean ez dagoela ezer egiterik eta herrialdeko mugikortasun plana berritzean konpondu ahalko zirela gabeziok, esan zaigu behin eta berriz. Bizkaikoan aldiz, Arabako aldundiari dagokiola kudeaketa eta ez daukatela ezer egiterik esan izan zaigu.
 
Bestalde, linea honen erabiltzaileek aurrera eramandako hainbat salaketa ekintza eta mobilizaziok ere ez dute inolako erantzunik jaso erakunde hauetatik.
 
Azkenean, pasa den hilabetean, Durango-Gasteiz linea kudeatzen duen Arabako Foru Aldundiak, garraio linea honen esleipena berritzeko aurreproiektua onartu zuen. Eta gure harridurarako, aurreproiektu honetan “a riesgo y ventura” modalitatea mantentzen da berriro, gure herrietako mugikortasun premiak enpresa pribatu baten errentagarritasun irizpideen eskutan utziz. Hori gutxi balitz, esleipenean ezartzen diren gutxieneko zerbitzu kopurua aurretik zegoen berdina da, beste behin gure herritarrak garraio pribatua erabiltzera behartuz eta hau eskura ez duten kolektiboen mugikortasun ahalmena nabarmen murriztuz.
 
Hau guztia ikusita, ordezkatzen ditugun udalerriok aurreproiektu honi alegazioak aurkeztea behar beharrezkoa ikusten dugu. Alegazio  hauek hurrengo eskariak jasoko dituzte:

  • Durango-Gasteiz linea “a riesgo y ventura” modalitatekoa izan beharrean “Kontratu programa” erakoa izatea. Esleipen modu honetan foru aldundiaren laguntza ekonomikoa izango duelako eta errentagarritasun irizpide hutsetatik haratago, herritarren beharrizanak hobeto beteko dituen zerbitzu bat eskaintzeko aukera ematen duelako.
  • Gure herritarrei bere oinarrizko zerbitzuak, osasun eta hezkuntza zerbitzuak adibidez, erabili ahal izateko eta bere mugikortasun beharrizanak asetzeko moduko joan-etorri maiztasuna bermatzea.
  • Zerbitzua eskainiko duenari ibilgailuen gutxieneko baldintza teknikoak bermatzea, matxuren aurrean zein ibilgailuak beteta daudenerako konponbideak ziurtatzea eta orokorrean garraio publiko duin bat gure herritarrei eskaintzea bermatuko duten baldintzak esleipenean bermatzea, adibidez, erabiltzaileentzako zerbitzuari buruzko informaziorako baliabide eraginkorrak aurrikustea.

Bide honetatik joango dira Arabako Foru Aldundiaren aurrean jarriko ditugun alegazioak eta berdina egitea eskatzen diogu linea honetako erabiltzaileei, gure herritarrei orokorrean eta baita linea hau pasatzen den beste Udal herriei ere.
 
Baina gu Bizkaiko herriak izanda, gure herritarrak bizkaitarrak izanda, indar gutxi daukagu Arabako Foru Aldundiaren aurrean eta horregatik beharrezkoa ikusten dugu Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza lan honetan.
 
Hortaz dei bi egiten ditugu:

  • Alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiari, arazo honen konponketan kaltetutako Udalokin batera gure herritarrentzako garraio publiko duin bat lortzeko lan egitea eskatzen diogu.
  • Bestetik, apirilaren 10aren aurretik, alegazioak egiteko epea bukatu aurretik alegia, erabiltzaileak, kaltetutako kolektiboak eta herritarrak orokorrean esleipen honi alegazioak egitera animatzen ditugu.

Otxandion 2014ko martxoaren 21ean."