Albisteak

 
Plaza Nagusia eraberritzeko proiektuaren lehenengo faseko lanei ekingo dio Udalak aurtengo Santamañak bukatu ostean.
 
2014ko ekitaldirako aurreikusitako inbertsio hau beste erakundetako diru laguntzei baldintzatuta zegoen eta behin Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 300.000 €-ko laguntza ziurtatu ostean lanekin aurrera egitea erabaki du Udalak.
 
BFAk ez ditu diruz lagunduko lan hauek, nahiz eta erakunde honetako Kultura Ondarearen Zerbitzuak lan hauei buruz Udalari igorritako txostenean Otxandioko Plaza Nagusiari garrantzi historiko eta patrimonial paregabea aitortu eta txosten berean lan hauek egitea urgentziazkoa dela jaso.
 
2013ko udazkenean aurkeztu zen lan hauen aurreproiektua Udaletxean egindako ekitaldi batean eta ondoren ikusgai izan zen Bolatoki Aretoan, herritarrek ikusi eta honetaz zuten iritzia emateko aukera eskainiz. Iritzia eman zuten herritarren % 90etik gorako onarpena jaso zuen aurreproiektuak eta, aldaketa txikiren bat gora-behera, bere horretan gelditu da lanen proiektua.
 
Lanak aurreratzen hasita dago Udala eta dagoeneko jasotze topografikoa eta arkeologia lanetarako beharrezkoa den georadar azterketa eginda daude. Ondoren, eta behin aurtengo Santamaña jaiak amaitu ostean, hasiko dira arkeologia azterketa lanak eta hauek bi hilabete eta erdiz luzatuko direla aurreikusten da.