Albisteak

 

Joan den azaroaren 13an burutako Udal Osoko Bilkuran, besteak beste, 2015ean Otxandion izango ditugun Udal Ordenantza Fiskalei hasierako onarpena eman zitzaien, udal ordezkarien aho bateko erabakiz. Ordenantza Fiskalotan ez da igoerarik izango 2015erako, hau da, 2014an izandako zerga berdinak mantenduko dira. Ordenantzetan egindako aldaketak OHZn (Ondasun Higiezinen gaineko Zerga) hobari berriak ezartzeko eta hilerriko eta animaliak bide publikotik jasotzeko zerbitzuetan sortutako aukera berriak arautzeko egindakoak izan dira. Ondorengo dokumentuan aurkituko dituzue 2015eko ordenantza fiskalak:

 2015eko ordenantza fiskalak (PDF 332KB)

Aipatutako moduan OHZrentzako hobari aukerak zabaldu egin dira eta aurretik zeudenez gain (familia ugariei, etxebizitza sozialei, nekazaritza kooperatibei, etb.) eguzkiaren energia probesteko edota elektrizitatea sortzeko bestelako sistemak instalatzen diren ondasun higiezinetarako, Eusko Jaurlaritzaren “Etxebizitza Hutsen Programa”-n parte hartzen duten jabeentzako eta hondamendi naturalak izandako eremuetako higiezinentzako hobari berriak onartu ditu 2015erako ordenantzak. Ondorengo dokumentuan OHZrako ditugun hobari guztiak eta baldintza zehatzak kontsultatu ditzakezue.

 OHZ hobariak (PDF 155KB)

Honen harira eta aldaketarik izan ez badute ere, ICIO (Impuesto sobre Construcciones, Instalaciones y Obras) edo etxeetan lanak egiten ditugunean udalean ordaindu beharreko zergaren kasuan dauden hobariak gogorarazteko baliatu nahi dugu albiste hau. ICIO zerga honetan ere hobari desberdinak aurreikusita baitaude, besteak beste, etxebizitzen efizientzia energetikoa hobetzeko edo energia berriztagarrietako sistemetara aldatzeko lanentzako, oztopo arkitektonikoak kentzeko asmoz egindako lanentzako, gaixotasun larriek sortutako beharrizanei aurre egiteko egin beharreko lanentzako, etb. Ondorengo dokumentuan ditugun hobari guztiak eta hauek lortzeko baldintzak ezagutu ditzakezue.

 EILZ hobariak (PDF 72KB)