Albisteak

 

Joan den Otsailaren 5ean burututako Udal Osoko Bilkuran 2015. urterako Udal Aurrekontuak aho batez onartu ziren, eta bestalde, otsailaren 11an 2014ko kontuei dagokien likidazioa itxi zen. Batak zein besteak 2015. urtean Udalak izango dituen baliabide ekonomikoak zehazten dituzte, eta hauen ardatz nagusiak labur-labur argitzera dator albiste hau.

Aurrekontuak

2015erako Aurrekontu hauetan ohiko sarrerak 1.556.303,43€ izango direla aurreikusten da, iazkoak baino %4,2 haundiagoak izango dira. Ohiko gastua 1.363.670€-koa izango denez, inbertsioetarako 192.633€ izango ditu Udalak.

Aurreikusten diren inbertsio nagusietako bat iaz hasitako plazako eraberritze lanak dira, eta horretarako 300.000€-ko partida aurreikusi da. Horietatik 200.000€ Eusko Jaurlaritzako diru-laguntzaren bidez estaliko dira.

Beste inbertsio bat eskola eta frontoiko aldageletarako biomasa galdara izango da. Jaurlaritzatik iaz lortu ez zen 104.000€-ko diru-laguntza eta Bizkaiko Foru Aldunditik beste 48.000€-koa lortzeko itxaropena dago. Beste laguntza aukera batzuk ere landuko ditu Udalak, baina laguntza nagusiak huts egiten ez duen bitartean aurrera egingo da inbertsio honetan.

Samartoi kalea, artekaletik ospitalkalerarteko zatia, konpontzeko 20.000€-ko inbertsioa ere aurrikusten da. 2014an zehar egin den irisgarritasun planaren ondorioetatik datorren ekintza da hau eta laguntza txikiren bat jasotzeko aukera egon daitekeen arren, Udalak egin beharko dio aurre osotasunean.

2014ko kontuen likidazioa

Otsailaren 11an itxi da 2014ko Udal kontuen likidazioa, eta itxiera hau 261.686,29€-ko emaitza positiboarekin egin da. Baina gauza desberdinak hartu behar dira kontutan emaitza hau ulertzeko:

2014. urtean Plaza Nagusia eraberritzeko lanentzako jasotako diru laguntzatik 100.000€ oraindik erabili gabe daude eta 2015ean erabiltzeko izango ditugu. Honek inbertsio hau bukatzeko beharrezko kopurua bermatzen du, lor daitezkeen diru laguntzetatik haratago.

2014. urtean diru laguntza ukatu zitzaigulako egin barik gelditu zen eskola eta frontoirako biomasa galdararako Udalak gordeta zituen 50.000€ ageri dira kopuru horretan. Inbertsio hau aurten gauzatzeko esperantza dago eta kopuru honekin diru laguntza beharrizana gutxitzen da.

Beste alde batetik, arrazionalitate legearen eskutik datorren Udal Kontabilitatea egiteko eredu berria ezartzearen ondorioz, 2014an egindako gastu batzuei dagozkien 52.223,20€-ko kopurua ere erremanente modura agertzen da, izatez adjudikazioen bitartez konprometitutako 2014ko gastu bat denean.

Gauzak horrela, hasierako kopuruari aurrez aipatutakoak kentzen badizkiogu, 2014. urteko Udal kontuen emaitza 59.463,09€-ko soberakina izan dela esan dezakegu. Kopuru honek 2015. urtean sor daitezkeen uste gabeko beharrizanei aurre egiteko balioko du eta horretaz gain aurten Udal talde aldaketa emango denez, talde berriari bere asmoei erantzuteko malgutasun tartea eskainiko dio.