Albisteak

 

Irailaren 15ean egindako ezohiko osoko bilkuran onestutako erakunde adierazpena:

"Gaur, 2015eko irailaren 15ean Guardia Zibilak Otxandioko 4 herritar atxilotu eta madrilera eraman ditu, aurtengo uztailaren 25ean Luzia Urigoitia “Lutxi” Otxandiotarrari egindako omenaldi herritarra zuzendu izana egotzita.

Honen aurrean, Otxandioko herritarren udal ordezkari garenok honakoa adierazi nahi dugu:

Lehenik eta behin, Amaiur, Aitor, Asier eta Mireni, eta beraien senide eta gertukoei, une latz hauetan gure elkartasun beroena helarazi.  Otxandioko herriaren nahia da gure herritar dan danak ahal den lasterren berriz etxean, libre eta beraien eskubide guztien jabe egotea.

Bigarrenik, indarkeria politikoaren biktima izandako edozein herritarrek publikoki omendua eta aitortua izateko duen eskubidea aldarrikatu nahi dugu. Euskal Herriko beste hainbat herrietan moduan, Otxandion ere zoritxarrez indarkeria politiko horrek gure bi herritarren heriotza eragin zuen, eta beraien memoria bizirik mantentzeak etorkizuneko elkarbizitza aske eta baketsu baterako beharrezko oinarriak jartzen dituela uste dugu.

Luzia Urigoitiaren kasua Eusko Jaurlaritzako Bakea eta Bizikidetzarako idazkaritza nagusiak landutako “Biktimen Udal Erretratuak” txostenean ofizialki biktima moduan aitortua izan da. Txosten honetan, udal guztioi dei egiten zaigu gure udalerrietan izandako biktima guztiei aitortza egin eta berauen oroimenerako ekintza publiko eta instituzionalak bultzatzeko. Irailaren 4ean izandako batzarrean, EAEko Lehendakariak eskakizun berdina egin zigun. Baina gaurkoaren ondoren, Otxandioko udal ordezkariak beldur gara gure herriak jasandako biktimen omenaldiak egiteak ekar ditzazkeen ondorio penalen inguruan. Horregatik, Lehendakariari eta  Bakea eta Bizikidetzarako idazkaritza nagusiari dei egiten diegu Udal honetako ordezkariak publikoki babes ditzan biktimen aitortza eta omenaldia egiteko orduan.

Bide batez, herri honetako instituzioei dei egiten diegu gaur egun artxibatuta dagoen Luzia Urigoitiaren hilketaren kasua behar bezala iker dadin eta bere heriotzaren inguruko argiketa eta erantzuleen identifikazioa ahalik eta azkarren egin dadin.

Azkenik, Otxandioko udal ordezkariok elkarbizitza baketsu eta aske baten alde lanean jarraitzeko dugun konpromisoa berresten dugu. Horregatik, zentzu honetan Udalak eta herritarrek (Andikona Foroak besteak beste) etorkizunean antolatu ditzaketen ekitaldietan parte hartzen jarraitzeko deia luzatzen diegu Otxandioko herritarrei, eta indarkeria politikoaren biktimen inguruko omenaldietan parte hartu edota beraien elkartasuna adierazteko dei egin Euskal Herriko herritar eta ordezkari politikoei".

 2015/09/15ean ospatutako osoko bilkuraren akta (PDF 95KB)