Albisteak

 

Atzo Olazarreko abentura parkeari buruzko batzarra izan zen Kultur-etxean. 10 lagun inguru bertaratu ziren. Jarraian bertan azaldu ziren kezkak jasotzen dira, eta baita eman ziren eztabaiden laburpentxo bat ere.
 
Aurrez publikatutako albiste baten esaten zen bezala, Udalak autokritika egiten du ez duelako jakin aurreikusten proiektu honek jendartean sortu duen kezka, eta ondorioz, ez duelako informazioa behar bezala helarazi. Hori dela eta desinformazio handia egon da eta horrek herritarren kezka areagotu du. Konponbidea jartze aldera deitu zen atzoko batzarra. Bertan, honako proposamena luzatu zen: prozesua eten, eta eskatzen diren kontraste eta parte-hartze mekanismo guztiak martxan jartzea ezer esleitu aurretik, inolako mugarik gabe. Zentzu horretan, lehenengo pausu bezala, urgentziazko Herritarren Kontseilu bat deitzea proposatu zen uztailaren erdialdean, proiektu honen inguruan eztabaidatzeko. Horrekin batera, Otxandiok zer turismo estrategia garatu behar duen ere aztertuko litzateke eta gure ingurune naturala nola erabili estrategia horren garapenean. Bertaratutakoek ez zuten baldintzarik ikusi horretarako, herritarren parte-hartzea lortuko ez zela iritzita. Edozein kasutan, etorkizun hurbilean eztabaida hau modu parte-hartzailean eman behar dela uste du Udalak eta horretarako bitartekoak eskaintzeko konpromisoa hartzen du.
 
Honakoak izan ziren azaldu ziren kezkak:
 
Nolatan zabaldu da lizitazioaren prozedura aurrez proiektu honen berri eman gabe? Beste herritarrek ez al dute eskaintza aurkezteko aukerarik?

Inpultsoa herritar hauena izan zen. Beraiek izan zuten proiektu honen ideia. Bideragarritasun azterketa bat eginda etorri ziren Udalera: “gure ustez abentura parke bat Otxandion posible da eta kooperatiba bat sortu nahi dugu parkea eraikitzeko”. Udalak herriarentzat interesgarri zela iritzi zion bi arrazoigatik: alde batetik enplegua sortzen duelako, eta honek garrantzia berezia du gauden eta egongo garen testuinguru sozioekonomikoan. Bestetik, herriko 3. sektorearentzat onuragarria zela iritzi zion eta turismo estrategia egoki baten baitan kokatzen zela ulertu zuen. Beraz, proiektuak interes publikoa zuela iritzita parkea lur publikoan eraikitzea justifikatuta zegoela ebatzi zen.
 
Aldundiarekin harremanetan jarri eta horretarako prozedura legal egokiena esleipen publikoa zela ebatzi zen. Horretarako prozedurak publikoa izan behar zuen eta denbora tarte bat zabaldu behar zen beste inork bere eskaintza aurkezteko aukera izan zezan. Kasu hori emango balitz, sustatzaileek aukera izango lukete “tanteo retracto”-rako. Hau da, beste eskaintza batek eurena hobetuko balu, aukera izango lukete beraiena erretiratu eta bestearena parekatzeko, eta horrela esleipena beraien esku gelditzeko. Esleipenaren pleguak aho batez, bi talde politikoen oniritziarekin, onartu ziren plenoan.
 
Hemen, gakoa, inpultsoa (ideia, aurrelana) herritar hauena dela ulertzea da. Beraiek dira sustatzaileak, ez Udala. Udalak interes publikoa duela ulertu duen proiektu bati bide eman dio, besterik ez.
 
Sustatzaileak lanean hasita zeuden. Web orri bat martxan daukate dagoeneko.

Aurrez aipatutako prozedura legalak aukera asko ematen dizkie sustatzaileei esleipenaren jabe egiteko. Beste norbaitek beraiek hobetu ezingo luketen eskaintza bat aurkezteak soilik utziko lituzke kanpoan, eta kasu hau ez da probablea. Honen jakitun, sustatzaileak lanak aurreratzen hasi ziren, arrisku mugatu bat beraien gain hartuz.
 
Zein da parkeak hartuko lukeen hedadura? Zer inpaktu izango du?

Parkeak Olazarreko zati bat bakarrik hartzen du: Oletako bidetik hasi (trintxera bezala ezagutzen den ingurutik) Olazar erdi inguruan dagoen egurrezko zubiraino. Iluntxo eta Miru-gain ere hartuko duela zabaldu da. Ez da horrela. Olazarreko zati hori baino ez du hartuko. Zonaldea, metro inguruko hesi batek mugatuko du, beti ere ibiltarientzako pasoa bermatuz. Horretarako gaur egungo bidea erreka ingurutik desbideratuko da basoaren zati horretan.
 
Ez da basoa artifizializatuko, ez da zementurik botako. Beraz, inpaktua guztiz itzulgarria da. Tirolinak, eskailerak, eta antzeko tresnak muntatuko dira zuhaitz batetik bestera.
 
Zeintzuk dira lizitazioaren terminoak? 400€ hilabetean 2,5 hektarearen truke 15 urterako?
 
Belardien kasuan, edota lurraren beste edozein erabileren kasuan Udalak kobratzen duenaren aldean (35€ inguru urtean, kasu) oso goitik dago kanon hau. Azpimarratu behar da, esleipen honen helburua ez dela zuzeneko onura ekonomikoa bilatzea, baizik enpleguaren sorrera posible egitea eta zeharka 3. sektoreari bultzada ematea.
 
15 urterako da lizitazioa, azterketa ekonomiko-finantzarioak bideragarritasun ekonomikoa posible egiteko 15 urte inguruko esplotazioa aurreikusten duelako.
 
Azalpen hauek emanik, eztabaida interesgarria eman zen ondorengo gaien inguruan:
 
Iraunkortasuna
 
Udalaren ustez, iraunkortasuna edukiz bete behar da, bestela azalean gelditzeko arriskua daukagu. Edukietan sartuta lau eremu bereizten ditugu:
 
Subirautza energetikoa: Otxandiok gai izan beharko luke bere inguruan dituen baliabide energetikoak modu iraunkorrean ustiatzeko. Energia baliabideen zikloa ahal den neurrian maila lokalean itxiz erregai fosilekiko dependentzia murrizteko. Horrekin batera efizientzia energetikoan aurrerapausoak eman beharko lirateke eta kontsumoa gutxitzeko beste neurri batzuk ere hartu.
 
Elikadura subirautza: kontsumitzen ditugun elikagaien %2-4 inguru baino ez ditugu produzitzen. Otxandiok, etorkizunean, nekazari gazteak beharko lituzke, okela behiak hezteko, nekazaritza ekologikoan aritzeko, etb.
 
Mugikortasun politikak: motordun ibilgailu pribatuekiko dugun dependentzia murrizten saiatu beharko ginateke.
 
Zero-zabor: Otxandion %20tik beherako birziklatze tasak ditugu.
 
Lau eremu hauetan politika aktiboak garatzen ez baditugu alperrik gabiltza. Eta hain zuzen, politika hauek garatuz enplegu lokala ere sor dezakegu.
 
Garapen ekonomikoa
 
Egun dagoen, eta etorkizun hurbilean izango dugun, arazo sozial handienetariko bat langabezia izango da. Nola egin Otxandion enplegua sortzeko eta dagoena mantentzeko? Zein garapen estrategia bultzatuko dugu?
 
Udalak lehenengo sektorean eta hirugarrengoan lagundu dezake horretan, batez ere. Hirugarren sektoreari dagokionean Otxandiok baditu zenbait aktibo, eta euretariko bat ingurune naturala da. Udalaren ustez, turismo estrategia bat garatu behar da Otxandion, gure ondasun natural eta kulturala ezagutarazi eta balioan jarriko dituena, hezitzailea izango dena. Eta noski, enplegua sortuko duena, eta jadanik badagoena mantentzen eta sustatzen lagunduko duena. Turismo estrategia hori garapen eredu iraunkorraren baitan kokatu behar da, zalantzarik gabe. Udalaren iritziz abentura parkearen proiektua logika horretan kokatzen da.
 
Honi dagokionez, inguru naturala medio materiala ere badela ezin dugu ahaztu. Betidanik transformatu dugu gure ingurune naturala bizitza posible egiteko: belardiak, egur aprobetxamenduak, ura, etb. Etengabe egin dugu, eta egiten jarraituko dugu. Modu iraunkorrean egiten dugun ala ez, hortxe dago gakoa. Eta horretan, aktibitate ekonomikoak zein ereduri erantzuten dion da garrantzitsua.
 
Publikotasun ereduak

Esleipen hau lurra pribatizatzea dela ere aipatu izan da. Udalaren iritziz publikotasun eredua berrikusi beharra dugu. Egitura administratibo burokratiko handi bat eraiki nahi ez badugu, eta eraginkorrak izate aldera, ekonomia sozialak eskaintzen dituen aukerak aztertu beharrekoak dira: kooperatiba egiturak etb. Funtzio sozial argia izango duen ekonomia soziala, kapital metaketa helburu izango ez duena, enplegua sortu eta mantentzea lehenetsiko duena, eta garapen eredu iraunkor eta humano batekin konprometituko dena.
 
Parte-hartzea
 
Azkenik, parte-hartzeari buruz ere hitz egin zen batzarrean: zer mekanismo jarri behar dira martxan erabakiak hartzeko? Udalak demokrazia parte-hartzailean sinisten du sakonki. Demokrazia parte-hartzaileak konpromiso handia eskatzen dio Udalari, baina baita herritarrei ere. Alderdikrazia eta politikagintza eredu zaharkituak iraganean utzi nahi baldin baditugu, herritar guztiok dugu horretan ardura. Batzarrean bertan esan bezala, Udala prest dago herritarrek eskatzen dituzten kontraste eta parte-hartze mekanismo guztiak aktibatzeko esleipen hau eman baino lehen. Esan gabe doa, Udaleko ateak zabalik daudela azalpenak eskatzeko zein kritikak helarazteko.