Albisteak

 

Joan den astean Otxandioko udala, alkateak ordezkatuta, Eusko Legebiltzarrean izan zen Mañaria eta Izurtzako udalekin batera Durango-Gasteiz autobus lineari dagozkion eskaera zehatz bi helarazteko asmoz. Batetik “Garraio autoritatea” delako instantzia auzi honetan posizionatzeko eskaera egin genuen. Jakina denez, Durango-Gasteiz linea Arabako Aldundiaren konpetentzia da, baina zerbitzuaren hutsuneak ikusirik eta bi lurraldeen arteko muga zeharkatzen duela kontutan izanik, Eusko Jaurlaritzaren menpeko instantzia honek auzi honetan posizioa hartu behar duela deritzogu.

Bestalde, instantzia honek Arabako eta Bizkaiko Aldundien arteko hitzarmena sustatu beharko lukeela ere proposatu genuen. Konpetentzia Arabarena den arren bizkaitarren mugikortasun beharrei ere eragiten dielako linea honek, otxandioarrak kasu.

Momentu honetan Arabako Aldundiak linea honi begirako proposamen berria egin du. Otxandioko udalak, beste hainbat udalekin batera alegazioak jarri ditu zerbitzua antzeko egoeran geldituko litzatekeela uste baitugu. Beraz, momentu erabakigarria da hau, eta horregaitik hain zuzen Eusko Jaurlaritzari eskatu diogu gai honetan posizioa har dezala.