Albisteak

 

Azaroaren 14an egindako udal batzan 2014. urterako ordenantza fiskalak onartu ziren. Ordenantza hauetan 2014. urtean Otxandion izango ditugun zerga, tasa eta prezio publikoak arautzen dira eta hauei 2013an izandako KPIaren (Kontsumo Prezioen Indizea) igoera aplikatzea onartu zen, hau da, % 2ko igoera orokorra aplikatuko zaie, salbuespen batzuekin. Salbuespenen artean igoerarik izango ez dituztenak eta KPIa baino gehiago igoko direnak daude.

Igoerarik izango ez dutenen artean hurrengo hauek daude:

  • IBI moduan ezagutzen dugun Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga, hau da, gure etxeak eta eraikinak jabetzan izateagatik ordaintzen dugun zerga. Hau % 0.80an dago eta gure jabetza hiigezinen balioari aplikatzen zaio. Gure herriko jabetzen balioak (katastro balioak) azken 40 urtetan ez direnez eguneratu, eraikin berriek eta zaharrek proportzioan ordaintzen dutena desorekatua dago. Katastro balioen eguneratzea BFAren ardura da eta azken urteetan egingo duela agindu arren badirudi legealdi honetan ere ez dela gauzatuko . Balio hauek eguneratu arte zerga dagoen horretan mantentzea ikusten da egokiena.
  • ICIO moduan ezagutzen dugun eraikuntza, instalazio eta lanen gaineko zerga. Hau % 5ean gelditzen da. Zerga honetan hobari edo deskontu desberdinak eskatzeko aukera dute herritarrek: herriarentzako onurakoak edo interes berezikoak izendatutakoek %95eko hobaria eskatu dezakete, energia eraginkortasuna hobetzera zuzendutakoek %75ekoa, lanpostu egonkorrak sortzen diren inbertsio pribatuak ezartzeko %75ekoa, oztopo arkitektonikoak kendu eta irisgarritasuna hobetzeko lanek % 75ekoa, babes ofizialeko etxeak eraikitzeko % 50ekoa, etxebizitza sozialak eraikitzeko %75ekoa eta gaixotasun larrien beharrizanak asetzeko lanek % 95ekoa.
  • Hiri lurren balioaren gehikuntzaren gaineko zerga. Gure etxe, lur edo bestelako ondasun higiezin saltzerakoan, eskuz aldatzerakoan eta abar aplikatzen dena. 2005ean ezarritako formula baten bitartez kalkulatzen da eta honetarako herriko zonaldea, jabetzaren antzinatasuna eta horrelako beste datu batzuk gurutzatzen dira.
  • Zabor bilketagatiko tasa. Aurreko urteko prezioan uztea erabaki zen zerbitzu hau eskaintzeko Zuiako Koadrilako beste herri batzuekin batera osatzen dugun Gorbeia Inguruko Partzuergoan. 2009an gure zaborrak eramaten ditugun zabortegia (Gardelegi) itxiko zutela eta berri batera (Jundiz-mendebaldea) eramaten hasi behar ginela jakinarazi zitzaigun. Zabortegi berri honetan ordaindu beharreko tasa altuago zela ikusita gutxika gure herrietako tasak horretarako egokitzen hasi ginen partzuergoko kideok, baina aldaketa hau oraindik ez dela gauzatu ikusita eta partzuergoaren kontuek urtearen erdian eman daitekeen igoerari aurre egiteko baldintzetan daudenez tasa hauek aurreko urteko baloreetan uztea erabaki da.
  • Udal agiri desberdinak luzatzeagatik ezarritako tasak.
  • Frontoiaren erabileragatik ezarritako prezio publikoa.

Igoera izango dutenak:

  • Ur edangarriaren hornikuntzagatik eta estolda zerbitzuagatik ezartzen den tasari % 8ko igoera egingo zaio. Europar Batasunetik datorren zuzentarauaren arabera uraren zikloa kudeatzen duten eragileek, hau da Otxandioko Udalaren kasua, zerbitzu honetan duten kostuaren zatirik ahalik eta handiena tasen bitartez berreskuratu behar dute. Gure herrialdean, Bizkaian, herri gehienek duten tasen inguruan mantentzea izan da udal honen helburua azken urteotan, urte batetik bestera Europako zuzentarauaren aplikaziotik etor daitekeen tasa honen bat-bateko igoera saihestu eta hau gutxika egiten joateko asmoarekin. Aurten Bizkaiko herri gehienak barne hartzen dituen Bibo-Bizkaia Ur partzuergoak % 8ko igoera egingo du eta hortaz Otxandion berdin egitea erabaki du Udalak, aurretik aipatutako moduan beste herri gehienen parean mantentzeko. Igoera honek, gutxieneko kontsumoa duen etxebizitza baten kasuan urte osoko ur edangarriaren fakturan 4 €ko igoera ekarriko du eta estolderiarenean beste 4 €koa, hortaz, uraren ziklo osoan urtean 8 €ko igoera izango du.