Albisteak

 

Joan den urtarrilaren 16an burututako udal osoko bilkuran Otxandioko udalak 2014. urterako izango dituen aurrekontuak onartu ziren, aldeko sei bozkekin (EH Bildu) eta abstentzioa batekin (EAJ).

2014. urterako aurrekontuok pasadan urtekoekin alderatuz egoera hobeago batean kokatzen dute udala. Alde batetik ohiko sarreren igoera bat dagoelako eta bestetik aurreko urteetako UDALKUTXAko likidazio negatiboa dela eta BFAra itzultzea zegokion diru guztia iaz itzulita daukalako.

Ohiko sarrerak herriko zerga bilketatik eta beste erakundetatik urtero jasotzen diren sarrerak dira. Hauetan nagusia UDALKUTXAtik datorrena da , hau da, herritar guztiok ordaintzen ditugun zerga orokorretatik Otxandiori dagokiona, eta aurten 887.360 €koa izango da, iaz baino 51.000 € gehiago, 2012an jasotakoaren mailara bueltatuz. Kopuru honi zergak, tasak eta gainerako sarrerak batuz 1.493.171 €tako ohiko sarrerak espero dira; iaz baino % 11,5 gehiago.

Ohiko Gastua, hau da, Urteroko gastu finkoa, iazkoarekin alderatuz % 5,7a igotzen da eta aurreko urteetakoetatik duen berrikuntza nagusia garapen teknikari baten zerbitzuen jornada erdiko kontratazioa aurreikusten dela da. Bizi ditugun garai ekonomiko zail hauetan aurrera urratsa egin eta Otxandion dauden baliabide eta aukerak aztertu eta herrian sor daitezkeen ekimen sozioekonomikoak sustatu eta herriaren garapen jasangarria bultzatzeko ahaleginean.

Horrela 2014an aurreikusten den ohiko gastua 1.299.397 €takoa da, eta ohiko kontuetatik inbertsioetarako edo ezohiko gastuetarako geldituko dena 193.773,68 € izango da.

Inbertsiotarako gelditzen den honetatik udalak dituen kredituri biri aurre egin beharko dio:

Lehena, Zerrabiden Udalak dituen bi partzelen hipotekari dagokio. Hauen salmenta oraindik gauzatu ez denez hauen kontra duen hipotekari aurre egiten jarraitu beharko da, honek aurten 34.000€tako ahalegina eskatuko du.

Bigarrena Erralde hiltegiaren likidazio prozesuaren ondorioz dator. Bere sasoian Erraldek hiltegi berria egiteko lurrak erosi zituen Berrizen eta hiltegi berriaren proiektua idatzi. Honetarako 2 milioi € inguruko kreditu bat hartu zen eta orain kreditu hau Udaletara aldatu da. Gaur egun, Otxandioko Udalak Erralden duen % 6ko partizipazioaren arabera 123.000 €tako kreditua bere gain hartu behar izan du eta honek 2014. urtean 18.500€tako kuotak suposatuko ditu.

Gelditzen denarekin inbertsio desberdinak planteatzen dira, hauetatik bi bai Eusko Jaurlaritza zein BFAaren diru laguntzak lortzen badira egingo direnak. Diru laguntzei baldintzatutako inbertsio hauek hurrengoak dira:

Plaza Nagusiaren eraberritzea: Asmoa eraberritze proiektu osoari dagokion 1. fasea (Vulkano ingurua eta zuhaitz eta jarleku bitartea) gauzatzea da, 587.000 €ko kostua duena. 1. fase hau 3 urtetan zehar (2013,2014 eta 2015) gauzatzekoa da: 2013an exekuzio proiektuaren idazketa eta 2014-2015 bitartean lanen gauzatzea. 2014an 200.000 €ko inbertsioa aurreikusten da eta hauetatik 150.000 € diru laguntzetatik jasotzea espero da.

Eskola eta frontoirako Biomasa galdara: Bai eskola zein frontoiari ur beroa eta berokuntza ematen dioten gasoliozko galdarak dagoeneko zaharkitua daude. Bi hauen ordez biomasa, hau da egurra, erabiliko duen berri bat jarri eta frontoia eta eskola galdara berdinarekin berotzea da asmoa. Galdara hau egiteko 200.000ko inbertsioa aurreikusten da eta hauetatik % 75a E.J.ko Hezkuntza Sailean, BFAn eta EVEn eskatutako laguntzetatik jasotzea da helburua.

Bestalde inongo diru laguntzaren menpe ez dauden beste inbertsio batzuk ere aurreikusten dira, eta hauek dira:

Hilerriko nitxoak berritzea: Jakina da hilerriko alde bateko nitxoen egoera oso txarra dala eta 2014. urtean zehar alde honen berrikuntza egiteko 40.000 € aurreikusten dira.

Igerilekuko konponketak: Bai makinarian zein egituran egin beharreko konponketa desberdinetarako 18.000 € aurreikusten dira.

Sarrerak (PDF 40KB)

Gastoak (PDF 60KB)