Albisteak

 

Joan dira urte batzuk Herri-ola martxan hasi zela. Garai zailean heldu dio Otxandiok herrigintzaren erronkari, garai aldakorrean, ziurtasunik ez dagoen garaian, gaurko egiak biharko gezur direnean. Krisi garaian, arriskuak eta aukerak eskutik datozen garaian.
 
Komunitate trinko bat garela erakutsi dugu etengabe azken urteetan, gizarte-ehundura sendoa duen herria. Geure memoria kolektiboan itsatsita gelditu diren ekimen kultural eta sozial herritarrak dira horren adibide, herri-nortasunaren adierazle.
 
Pausu bat aurrera emateko ordua iritsi da: artikulatu dezagun herri-egitasmo bat Otxandio garapen eredu berri baten norabidean jarriko duena, eta egin dezagun hori denon artean, geure herri-senari jarraituz.
 
Hain zuzen erronka potoloa delako eta etorkizuna ziurgabea, Herri-olak hausnarketa prozesu kolektibo zabal eta sakon baten beharra du. Herritar eta eragile guztion artean landu behar ditugu Otxandioren etorkizuna erabakiko duten prozesuen oinarriak eta norabide estrategikoak. Gogoeta publiko sakon baten beharra dugu. Ikusi beheko bideoa.

 
13 arlo, 13 kafe-tertulia: energia-baliabideak, hezkuntza, kirola, kultura, lana, elikadura subiranotasuna, euskara, immigrazioa, uraren kudeaketa, parekidetasuna, etxebizitza, mugikortasuna, zaborren kudeaketa.

 
Zure parte-hartzea ezinbestekoa da. Zure ahotsa entzun nahi dugu. Eskuz-esku eraiki behar dugu Otxandioren etorkizuna, ikuspegi guztiak integratuz, bakar bat ere alboratu gabe.