Albisteak

Irakurri, gozatu eta oparitu 

Ekainaren 30a arte, IRAKURRI, GOZATU ETA OPARITU egitasmoa martxan jarri dute Otxandioko Euskara Batzordeak, Otxandioko Udal Liburutegiak eta Euskaltzaleen Topaguneak. Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, Otxandioko Liburtegira gerturatu, eta hiru pausu eman behar dira ekimenean parte hartzeko:

1. Irakurri Lehenengo pausua irakurtzea da; euskaraz irakurtzea, hain zuzen ere. Herriko liburutegi publikora joan eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzea besterik ez da egin behar. Kanpainak dirauen bitartean, euskarazko liburua hartzen duen bakoitzak orri-markatzaile bat jasoko du opari, ekimenean parte hartu zein ez.

2. Gozatu Liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu, eta fitxa sinple-sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua, zer inpresio eman digun eta abar. Fitxa hori beteta, liburuzainak deskontu txartela emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.

3. Oparitu Azken pausua liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, bihotzeko azukre koxkorrari edo, zergatik ez, norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, %25eko deskontua izango dugu liburu dendan euskarazko beste edozein liburu erosterakoan, edo %50ekoa euskara elkarteko kidea izanez gero.

Egitasmoaren helburu nagusiak irakurzaletasuna bultzatzea, literaturarekin gozatzea eta gozaraztea dira, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez.

Baina, bide batez, oso garrantzitsuak diren bestelako helburuak ere lortu nahi ditu EuskaltzaleenTopaguneak ekimen honen bidez:

  • Euskara elkarteetako bazkideak liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo izateko gonbitea egitea
  • Era askotako eragile publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea, eta eragile horien guztien arteko harreman sarea euskaraz hedatzea
  • Azkenik, ekimen honek ekarpena egin nahi dio euskarazko liburugintzari, liburuen ekoizpena eta salmenta bultzatuz