Gatazkaren bilakaera XVI-XXI. mende bitartean

Limitaduaren auzia

Konponbideak bilatzeko hainbat saiakera egin dira; XVI. eta XVII. mendeetan zehar, esaterako, Valladolideko kantzelariak eta Bizkaiko epaile nagusiak esku hartu behar izan zuten bi herrien arteko liskarrak baretzeko.

XVIII. mendetik aurrera (1754an) Otxandion gaurdaino ailegatu den ohitura ezarri zen, “Basabisitta” egitea, alegia, muga-puntuen bisita. Otxandiarrek, berena defendatu nahian, urtero-urtero egiten dute bisita hau (irailean), jai giroan.

XIX. mendean, gatazka honen konponketaren zailtasunak ikusita, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek, Udalekin batera, arbitraje bilera batera joatea erabaki zuten, Gipuzkoako Foru Aldundia bitartekari gisa jarrita.

XX. mendearen hasieran, Gipuzkoako Foru Aldundiak Berariazko Batzordea ezarri zuen, gatazka historiko hau konpontzeko. Batzorde honek eskumena Aramaio herriari ematea erabaki zuen. Baina, Bizkaiko Foru Aldundiak ez zuen onartu Batzorde honek hartutako erabakia, eta argudiatu zuen Batzordeak ez zuela hitzartutako prozedura jarraitu.

XX. mende bukaeran, jurisdikziorik ezagatik, gatazka larritu egin zen, eta arazo berriak sortu ziren ondasun higiezinen gaineko zerga-bilketan, hirigintza-eskumenean, eremu honetan ezartzen ziren etxeen jabego-erregistroan…

Hori dela eta, Arartekoaren bitartekaritzaz adostasunerako proposamen bat luzatu zen; bertan Limitadua bi zati berdinetan zatitzen zen, erdia Aramaiorentzat eta beste erdia Otxandiorentzat.

Baina arazoak berdin jarraitzen du behin behineko soluzio barik, Araba eta Bizkaiko muga denez, egungo legediaz, estatuaren esku dago soilik auzia konpontzeko ahalmena.

Gainera, gaur egun udal zerbitzu eta kirol instalazio gehienak Limitaduan daude, Otxandioko hirigunean guztiz integratuta.