1936ko uztailak 18, zapatua: Frankoren indarrak Errepublikaren aurkako altxamendu militarra iragarri zutenean, herriko jaietan, Santamañetan murgildurik zegoen Otxandio. 19an, hegazkinetatik altxamenduaren aldeko “paperak” jaurti zituzten. 20an, heldu ziren lehenengo milizianoak (errepublikaren aldekoak) eta gerra egoera ageriagoa egin zen. Milizianoek eliza eta kontzejupea erabili zuten eurek kokatzeko.
21ean, militar eta milizianoz osatutako bigarren zutabe bat heldu zen Bilbotik. Helburua: Gipuzkoatik etorritako beste zutabe batekin batera Legutio hartu eta, ondoren, Gasteiz menperatzea. Baina Gipuzkoako zutabea ez zen agertu eta Legutio hartu ondoren, milizianoek Otxandiora itzultzea erabaki zuten. Legutio, geroztik, Frankoren indarren esku egongo zen.