Santamañak

Noiz: Uztailaren 18an

Jaia:  

Herriko jai nagusiak dira Santamañak, eta uztailaren 18a egun nagusia izanik ere, astebete inguruko iraupena izaten dute. Herriko dantza talde, musika banda, txistulari eta abesbatzak alaitutako jai hauek betidanik izan dute oihartzuna inguruko herrietan, eta jendetsuak izaten dira.

Bezpera arratsaldeko txupinazoak ematen die hasiera jaiei, eta jarraian danborrada egiten da, horren ostean, musika kontzertuak, antzerki emanaldiak, herri kirolak, amateur eta profesionalen arteko pilota partidak, eta haur-jolasak.

Baina aipamen berezia merezi dute jai egunaren ondoko larunbat eta igandean antolatzen diren ekitaldiek; larunbatean San Martingo pagadian erromeria antolatzen da, eta igandean, hainbat ekitaldi egoten dira. Goizean sokamuturra, eguerdian Andikona plazan 1936ko bonbardaketan hil zirenei egiten zaien omenaldia, eta jarraian, herriko plazan limonada banatzen da. Gauerdian, jaiei amaiera emateko herriko plaza jendez gainezka egoten da, eta musika bandaren laguntzaz “Agur Santamaña” kantatzen da.