Otxandiok euskaldunen kolorea du

Euskalduna

Otxandioarren artean oso altua da euskararen ezagutza; herritarren %75a euskalduna da eta %14 ia euskaldunak (2001eko datuak). Gainera, bere euskalduntasunaz harro dagoen herria da eta horregatik da 2008tik UEMAko (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) kide.

Otxandiora urreratu orduko konturatuko da bisitaria herri euskaldun batean sartzera doala. Herriko sarrera guztietan ikusiko du Joseba Sarrionandia idazlearen “Euskara da euskaldunon territorio libre bakarra” lelo ezaguna eta euskara hutsean aurkituko ditu bidegurutzeetako seinale guztiak ere. Azken urteotan herriak euskararen erabilera bultzatzeko egin duen ahaleginaren agerpen bistakoenetakoa gertatuko zaio bisitariari.

Aditu batzuen iritziz, Otxandion erabiltzen den euskalkiak Araba aldeko euskaran du jatorria, gaur egun mendebaldeko euskara edo bizkaieraren barruan kokatzen bada ere. Inguruko herrietan ere -Oletan, Ubiden eta Elosun-  aldaera bera erabiltzen dute.

Otxandion antzina bota zituen euskarak bere sustraiak. Horixe ematen du aditzera Otxandioko toponimiak ere. Bitxikeria bat aipatzearren, euskarazko toponimoetan, multzoa adierazteko erabiltzen den -di atzizkia (pagadi, belardi...) -doi forman agertzen da Otxandion. Horren adibide dugu bertako kale baten izena: “Samartoi”. “Samartoi” izenak “samarra” dagoen lekua adierazten du. Uri honetan oso arrunta zen XX. mendeaz geroztik etxe azpietan errementarien sutegiak egotea, eta gune horietan pilatzen ziren sutegiko “samarrak”.

Ahalegin miresgarria

Euskal Herriko beste herri askotan bezala, 1936ko gerra ostean Otxandioko euskaldunek ia lau hamarkadaz jasan behar izan zuten jendaurrean euskaraz jarduteko debekua eta euren euskalduntasunagatiko gutxiespena. Hala ere, Otxandioko euskaldunek bizirik mantendu zuten euren euskalduntasuna.

70. hamarkadaren amaieran Otxandion ere loratu zen ikastolen mugimendua,  dozenaka gurasok euren umeak ikastolara eramateko erabakia hartu zutelako, andereño euskaldunek euskaraz hezi zitzaten. 1978tik Otxandioko herri ikastetxea publikoa da eta euskara hutsezko ereduan –D ereduan- ikasten dute neska-mutiko guztiek.

Azpimarratzekoa da helduen euskalduntzea bultzatzeko herrian egindako ahalegina ere. Ahalegin horren erakusgarri dira 80. hamarkadan sortu eta gaur arte iraun duten gau-eskolak eta Korrikari egin ohi zaion harrera. Azken urteotan gainera, herritarrek eta Udalak hainbat ekimen jarri dituzte martxan 2008an onartutako Otxandion Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren baitan, hala nola; Euskara Batzordea, Euskararen Udal-Ordenantza, Berbalagun egitasmoa, hizkuntz-ondarea jasotzeko beka, Otxandioko Euskaldunon Amaraune, Inkernuz aldizkaria…

Horregatik diote otxandioarrek: Otxandion bagare…

Hainbat idazle euskaldunen jaioterri

Otxandio Euskal Herrian oso estimatuak izan diren hainbat euskal idazleren idazleren jaioterri izan da: Felipe Arrese Beitia, Andres Iturtzaeta, Cirilo Artzubiaga eta Bittor Kapanagarena esaterako.

Otxandioko adineko hiztunen grabazioak bideoan: www.ahotsak.com/otxandio/