Ongietorri Otxandioko webgunera

Webgune honek Otxandioko herritarrontzako parte hartze tresna , informazio gune eta udalarekin harremanetarako bitartekoa izan nahi du.
Baita, Euskal Herriko zein munduko beste edozein lekutatik gure herria ezagutu nahi duzuenontzako gure herriaren eta bere herritarren izaeraren erakusleihoa ere.

Gure herriaren izaera  euskalduna, gizarte antolakuntzarako gaitasun handikoa, zabala eta kale-giro paregabekoaren erakusleiho hain zuzen ere. Otxandion auzolanaren kultura betidanik errotuta egon da eta gaur egun ere herrigintzan auzolanaren ereduan sakondu gura duen herria da.

Demokrazia parte-hartzailean urratsak eginaz herritar guztion artean gure etorkizuna erabakiz, herriari dagozkion erabaki garrantzitsuak denon artean hausnartu eta bide egokienak aukeratuaz. Horretan sakontzeko, euskalduntasuna, iraunkortasuna eta parte-hartzea zutabe nagusi dituen Herri-Ola Egitasmoa sortu dugu urtetako parte-hartze prozesu baten bitartez. Egitasmo honek, hiru zutabe horietan oinarritutako etorkizuneko Otxandio baterako bidea izan nahi du. Webgune honetan berau ezagutu eta bertan parte hartzeko aukera izango duzu Herri-Ola atalean.

Otxandio ingurune natural paregabean kokatutako herria da, Urkiola eta Gorbeia Parke Naturalen artean, Oihandi bailaran hain zuzen ere.  Kokapen honek natur inguruneaz gozatzeko aukera paregabeak eskaintzen dizkio gure herrira hurbiltzen denari. Zeregin honetan laguntzeko, webgune honetako turismo atalean ideia batzuk aurkituko dituzu, bai oinez zein bizikletaz burutzeko. Hortik aurrera bakoitzaren ikertzaile senak ezkutuko txoko zoragarriak ezagutzera eraman zaitzakete.

Otxandiko herria Euskal Herrian, justizian oinarritutako bakean eta gure etorkizunaren jabe izanda bizi nahi duen herria da. Horregatik momentu hauetan bizi dugun itxaropenezko garai hau behin betiko errealitate bihurtzeko lanean bere ekarpena egitera konprometitua dagoena. Hau horrela izan dadin, Euskal Herriak urte luzetan bizi duen gatazka politikoan zer esana duten beste erakunde eta eragile guztiei jarrera berdina erakustera dei egiten diegu.

Bukatu aurretik, herritik kanpora zaudeten herritar guztioi besarkada bat luzatu nahi dizuet, bereziki ehunka kilometrotara zuen borondatearen kontra zaudetenoi. Baita, aste-buru guztietan zuen senideak bisitatzeko zuen bizia arriskuan jarri beharrean aurkitzen zareten herritarroi nire elkartasuna adierazi eta euskal presoak, dagozkien eskubideak errespetatuz, Euskal Herrira ekartzeko bidean zuen ondoan izango nauzuela jakinarazi. Egin dezagun bidea elkarrekin.

Har ezazu parte!

  • Udalbiltza
  • Facebook
  • Twitter
  • Postontzia